Urola Erdiko Itaiak atzeratu egin du bihar Zestoan egitekoak ziren Emakume Langileen Eskolaren barruko saioa, "osasun arazoak tarteko". Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurrerago jakinaraziko dute saioaren data berria. Azpeitiko eta Azkoitiko saioak bere horretan mantenduko dituzte oraingoz, eta hilaren 15ean egingo dituzte.
Itaia emakumeen antolakunde sozialistak Emakume Langileen Eskola jarri zuen martxan joan zen azaroan,"emakume langileek egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko moduak pentsatzeko". Azaroan bertan egin zituzten lehen saioak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan, eta datozen egun eta asteetan egingo dituzte bigarren saioak. Zestoako saioa bihar, asteazkena, izango da, 11:00etan hasita, Alonderoko aretoan.
Emakume Langileen Eskolako saioetan testu bat izaten dute hausnarketarako abiapuntu. Lehen saioan Salda Badago Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan Itaiak egindako hitzartzea landu zuten. Oraingoan, aldiz, Klase subjektua bere dimentsio guztietan eraikiz izeneko testua landuko dute. Hori dela eta, Itaiako kideek testua aurrez irakurtzea gomendatu diete parte-hartzaileei. Dena den, azaldu dute eskolen egunean bertan ere irakurriko dutela testua. Itaia.eus webgunean dago eskuragarri irakurgaia.
Azpeitian eta Azkoitian hilaren 15ean egingo dute Emakume Langileen Eskolaren barruko bigarren saioa, eta testu bera izango dute hizpide eta aztergai. Azpeitiko saioa Sindikatu Zaharrean izango da, 11:00etan. Azkoitikoa ere ordu berean eskainiko dute, Elkargunean.