Zestoako komun publikoek jasan dituzten "txikizioak" gaitzetsi ditu udalak

Ane Olaizola 2022ko urtarrilaren 4a

Denbora gutxian txikizioak egin dizkiote komun publiko berriei, eta ondare publikoaren aurkakoak "benetan onartezinak" direla azpimarratu du. Erakundeak jakinarazi duenez, itxura guztia du" txikizioak ez direla bat-batean pentsatuak izan. Egoeraren aurrean, isun bidez zigortzeko araudia onartuko du epe motzean.

Zestoako komun publikoak. (Danbolin)

Zestoako komun publiko berriek denbora gutxian jasan dituzten "txikizioak" gaitzetsi ditu udalak. Erakundeak gogoratu duenez, kalean komun publikoa izatea "lehentasunezko zerbitzu bat" da, eta "guztiona den" ondare publikoaren aurkako erasoak "benetan onartzezinak" direla azpimarratu du.

Zestoako Udalaren arabera, "itxura guztia du" txikizioak ez direla bat-batean pentsatuak izan. "lzan ere, komuna bandalismo kalteak gutxien eragin ahal izateko eginda dago eta kanpoko babes losak apurtzeko palankak erabili dituztela garbi ikusi da". Erakundeak jakinarazi duenez, txikizioek 1.052 euroko kalteak eragin ditu.

Udala jakitun da komunaren kokapenak herritarren hainbat kritika eragin dituela sare sozialetan, baina azaldu du azpiegitura hori jartzerako arlo horretan "adituak" direnen irizpideak jarraitu dituztela; besteak beste, hoditeria, obra zibilaren bideragarritasuna eta komuna oinezkoen ohiko igarobidean jartzea hartu ditu kontutan erakundeak.

Bestalde, azpimarratu du ikastetxean ere behin baino gehiagotan "era guztietako txikizioak" egin direla, eta gogoratu du ondare publikoa kaltetzea zigorgarria dela. Hori hala, epe motzean mota horretarako erasoak isun bidez zigortzeko araudia onartzeko asmoa azaldu du erakundeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide