2021ean ez zen musikarik falta izan Zestoako Gaztetxean, eta urte berriari ere musikaz inguratuta ekingo diote. Izan ere, Madeleine eta Dena musika taldeen kontzertuak antolatu ditu Zestoako Gazte Asanbladak larunbaterako, hilaren 8rako.
Madeleine Donostiako post-rock taldea da, eta 2021ean plazaratu zuen azken lana, Ezin dena izenekoa. Grabaketa, edizioa eta nahasketa Eñaut Gaztañaga zestoarraren Gaztain Estudioaken egin zuen Donostiako taldeak, eta haien hitzetan "2020ko urte berezian ondutako lana" da Ezin dena diskoa. Ondarrutik iritsiko da Dena musika taldea. Ondarruko hirukoteak 2020ko azaroan kaleratu zuen Ezer Sentitzeko lana, bederatzi abestiz osatua.
Larunbateko emanaldiak 22:00etan hasiko dira, eta sarrera 5 euro ordaindu beharko da, Gaztetxeko sarreran bertan.