Datorren asteartean, urtarrilak 11, Zestoa Osasuntu programaren barruko saioa egingo dute, eta oraingo honetan, Interneten erabileraren ingurukoa izango da ikastaroa. Ohi bezala, arratsaldeko 17:00etatik 18:30era izango da saioa, jubilatuen tabernan. Antolatzaileek adierazi dutenez, Interneten eta sare sozialen oinarrizko ezagutzari emango diote garrantzia saioan: "Tailerraren helburua ezer edo ezer gutxi dakienarentzat baliabideak eskaintzea da. Beraz, Zestoa Osasuntsu taldeak antolatutako tailerra ezinhobea izango da Internet mundura hurbiltzeko jakinmina izan arren nola egin ez dakienarentzat".
Antolatzaileek adierazi dutenez, bi zati izango ditu hitzaldiak. Alde batetik, sakelako telefonoan Whatsapp edo antzeko aplikazioak nola jarri daitezkeen azalduko du Mikel Irurek; horrez gain, ikastaroan parte hartzen dutenei interesatzen zaizkien beste hainbat aplikazio nola jarri ere azalduko du. Horretarako, norberaren telefonoa saiora eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Hitzaldiaren bigarren zatian, bestetik, Zestoako KZgunearen koordinatzaile den Berex Ortizek KZgunean eskaintzen diren zerbitzuak eta ikastaroak zeintzuk diren azalduko ditu.
Ibilaldia, urtarrilaren 13an
Bestalde, Zestoa Osasuntsu programaren barruko ibilaldia urtarrilaren 13an, osteguna, egingo dute, 10:30etik 12:00etara. Kiroldegiko ataritik abiatuko da ibilaldia, eta Zestoa inguruan ibiliko dira. Mokadutxo bat egiteko aukera ere izango da txangoan.