Euriteen ondorioz izandako kalteak konpontzen jarraitzen du Zestoako Udalak

Anartz Izagirre 2021eko abenduaren 20a

Erlategi baserri bideko eta Endoiabiko lur jausiak joan zen astean garbitu zituen udalak, eta gaur hasi dira Urdanetabidean egin beharreko konponketekin. Lanak amaitu bitartean itxita egongo da Urdanetabide.

Azken asteetan izan diren euriteek kalteak eragin dituzte Zestoako hainbat errepidetan, eta udala horiek konpontzen ari da oraindik ere. Erakundeak azaldu duenez, Erlategi baserri bideko eta Endoiabiko lur jausiak joan zen astean garbitu zituzten, eta 1.520 eurotako gastua izan zuten lan horiek.

Horrez gain, gaur bertan Urdanetabidean egin beharreko konponketekin hasi dira; hain zuzen ere, Goikoietxeta eta Indo baserrien artean gauzatuko dituzte lanak. 27 metro luzeko harri-lubeta egin behar dute bertan, erori den zatia konpondu ahal izateko. Horrez gain, lehendik apurtuta zeuden zenbait hormigoi zati ere berritu egingo dituzte. Lan horien aurrekontua 27.500 eurotakoa izango dela aurreikusten du udalak, eta azaldu dute lanak amaitu bitartean Urdanetabide itxita egongo dela.

Erlategi baserriko bidea, garbituta. (Zestoako Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide