Aurten ere ez da Zoroperi egunik izango Zestoan. COVID-19aren zabalkudeak azken egunetan hartutako joera tarteko erabaki du Zestoako Udalak festa egun hori bertan behera uztea, eta horrenbestez, abenduaren 26rako aurreikusitako ekitaldiak ez dituzte egingo. Erakundeak azaldu duenez, "guztiok dakizkigun arrazoien ondorioz" utzi dituzte bertan behera egitarau ofiziala eta ospakizun guztiak. "Beraz, egun horretan espazio publikoan izan daitezkeen jende pilaketak saiheste aldera, goizeko azoka eta dastaketa saioak ez dira egingo, eta arratsaldean ez da pilota jaialdirik izango".
Mikel Arregi alkateak azaldu duenez, "pena" da bigarren urtez jarraian Zoroperi eguneko ekitaldiak bertan behera utzi behar izana, baina "erantzukizunez" jokatzea dagokiela esan du. "Ez zalantzarik izan, egun hauek behar bezala eta inoiz baino ilusio handiagoz ospatzeko garaiak gertuago izango ditugu elkar zainduz". Bestalde, udalak "bereziki eskertu" nahi izan du herriko eragileek Gabonetarako aurreikusitako ekitaldiak bertan behera uzteko edo egokitzeko hartutako erabakia.