Durangoko 56. Azoka

Nerea Mendizabal: "Haserrean bi norabidetako hainbat altxor aurkitu ditzakegu"

Julene Frantzesena 2021eko abenduaren 3a

Gaur hasiko da Durangoko Azokaren 56. edizioa, eta hilaren 8a bitartean, liburuak eta diskoak erosteko aukera izango da. Tartean izango dira eskualdeko artisten lanak ere; adibidez, Bulegoren diskoa eta Nerea Mendizabalen liburua.

Kira jirafa eta haserrearen diamanteak ipuina kaleratu berri duzu. Zergatik idatzi duzu umeentzat?

Elkarrekin hazi liburua gurasoentzat kaleratu nuen, eta Jirafa hizkuntza irakasleentzat. Ipuinak umeekin lotzen ditugu, baina aitzakia polita da gurasoak, haurrei liburuak irakurtzean, gaian murgiltzeko. Izan ere, helduentzako mezu ugari daude ipuinean. Gaiak denok ukitzen gaitu, eta hainbatek esan didate helduentzat ere aproposa dela.

Komunikazio ez bortitzean oinarritutako lana da hau ere, jirafak bere rola du ipuinean. Aurreko lanen jarraipena al da?

Jarraipentzat har daiteke, baina jirafa hizkuntza komunikazio ez bortitzaren sinboloa da, eta hori lantzeko beste tresna, kode edo ikuspuntu bat aukeratu dut. Ipuineko aitaren eta alabaren artean gatazka bat dago, eta jirafak bitartekari rola hartzen du; entzuteko gaitasuna eta bidelagun izateko dohaina erakusten ditu. Gertatzen zaiena identifikatzen eta haserrearen atzean dauden diamanteak deskubritzen irakasten die bi protagonistei, baita konponbidera iristen ere.

Haserrearen kudeaketa da ipuinaren funtsa. Zergatik?

Desatseginak diren emozioak, oro har, ez zaizkigu gustatzen, eta haserreak, bereziki, oso fama txarra dauka: "Ez da haserretu behar eta haserrea kontrolatzen ikasi behar da", esan ohi da. Haserrea lantzea zintzilik daukagu; izan ere, sarritan barruan gordetzen dugu edo lehertuta ateratzen dugu kanpora. Haserreak ere badu bere funtzioa, eta hori ezagutzea onuragarria izan daiteke haserrearekin elkarbizitzen segitzeko edo bakeak egiteko.

Zeintzuk dira haserrearen atzean dauden altxorrak?

Pentsamendu jakin batzuk ditugulako sentitzen gara haserretuta: "Besteak halako egin beharko luke, baina ez du egiten", "honek ez luke gertatu behar, eta egoera ez da justua"… Besteak egin behar lukeen horretara bideratzen gaituzte pentsamendu horiek, erasoa bestearengana bideratzen dugu exijentziaren, itxaropenaren eta kritikaren bidez. Baina pentsamendu horien barruan diamanteak daude, gizakioi garrantzitsuak zaizkigun balio, behar edo aspektu batzuk bermatzeko saiakerak, eta haserrea hori gogoraraztera etortzen da. Besteak edo errealitatea aldatu nahi izan ordez, usteak apurtzera ausartuz gero, barruan dauden diamanteak aurkitu daitezke. Adibide bat jartzearren: norbaiti egoista dela eta beti nahi duena egiten duela esaten badiot eta horregatik haserre banago, zer diamante dago horren atzean? Agian, besteena ere aintzat hartzeak garrantzia du niretzat, eta hori altxor bat da. Horrekin batera, beste diamante bat agertzen da "egoista zara" esatean: norbere burua eta beharrak zaintzea izan da lehentasuna, eta besteak lehenetsita, askori ahaztu egiten zaigu hori egitea. Haserrean bi norabidetako hainbat altxor aurkitu ditzakegu. Egoeraren kudeaketarako beste abiapuntu bat eskainiko digu pentsamendu horiek askatzeak eta altxor horiei heltzeak.

Zer garrantzi du haurrekin haserrea lantzeak?

Zenbat aldiz esaten diegu haurrei ez haserretzeko eta kasketarik ez harrapatzeko! Helduok zenbat aldiz haserretzen garen ikusi besterik ez dago: umeen pare jartzen gara askotan, umea haserretu delako gu haserretu egiten gara eta ez dela haserretu behar esaten diogu. Haurraren edo besteen emozioetan ala haserreetan nahasten bagara, zaila egingo zaigu egoerari aurre egitea. Besteen haserreak nola eragiten didan jabetzeak ahaldundu egingo nau; izan ere, nire emozioen kudeaketan beste abagune bat edukiko dut, haurrak haserretzean haien bidelagun izan ahalko dut eta beste baliabide batzuk eskaini ahal izango dizkiet. Haserrea lantzeak ongizatea emango digu, eta bestearen haserrea ulertzen lagundu ere bai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide