Errei bat itxiko dute bihartik ostiralera Zestoako Bainuetxearen eta herri sarreraren artean

Mailo Oiarzabal 2021eko azaroaren 30a

Bidezarrako pasealekutik eroritako petril zatiaren hondakinak garbitzeko itxiko dute Azpeitia-Zestoa norabideko erreia, eta trafikoa txandaka zuzenduko dute Zestoa-Azpeitia norabideko erreitik.

Zestoako Udalak bihar hasiko ditu Bidezarrako pasealekutik GI-631 errepideko pendizera eroritako harrizko petrilaren hondakinak garbitzeko lanak. Egurki Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu garbitze lan horiek, eta ostiralera arte iraungo dute.

Petrilaren hondarrak jasotzeko eta ingurua txukuntzeko, Zestoako Bainuetxetik herriko sarrera bitarteko errepide zatian errei bat itxiko dute; Azpeitia-Zestoa norabideko erreia da, hain zuzen, hiru egunez itxita izango dena, eta trafikoa txandaka zuzenduko dute Zestoa-Azpeitia norabideko erreitik. "New Yersey motako itxiturak jarriko dira bi erreien erdiko marran, eta trafikoa era ordenatu batean txandakatzeko, semaforoak erabiliko dira", azaldu du udalak.

Hiru egunotan karga bereziak garraiatzen dituzten kamioiek errepide zati hori ezingo dutela erabili ere zehaztu du udalak, trafikoa txandaka zuzentzeko egokituko duten erreiaren zabalerak ez duelako mota horretako ibilgailuen pasabidea bermatzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide