Ostiraletik gaur artean, eskualdeko 107 odol emaileren ekarpena eskertzeko ekitaldiak egin ditu Odol Emaileen Elkarteak herriz herri. Hain zuzen, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako odol emaileei egin diete aitortza; odola 25 aldiz eman dutenen gizon-emakumeei, 40 aldiz eman dutenei, 50 aldiz eman dutenei, 60 aldiz eman dutenei, 75 aldiz, 80 aldiz, 100 aldiz eta 125 nahiz 150 aldiz eman duenei. Horiek denek oroigarri bana jaso dute elkarteko boluntarioen partetik. Pandemiaren aurretik, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak deituta. Loiolan elkartzen ziren odol emaile guztiak, oroigarriak banatu eta elkarrekin bazkaltzeko. Azken bi urteotan, baina, osasun egoera tarteko, herriz herri egitea erabaki dute.
Azkoitian 62 laguni egin zioten aitortza ostiralean Elkargunean egindako ekitaldian. Bertan, herriko odol emaileei nahiz Azkoitiko Udalari eskerrak emanez hasi zuten ekitaldia Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko kideek, eta gogora ekarri zituzten, pandemia tarteko, azken urteetan izan dituzten zailtasunak: "Beste urtetan Urola Kosta osatzen dugun hamar elkarte biltzen ginen, eta meza eta bazkaria egiten genituen odol emaileen eguna ospatzeko. Xomorro honek, baina, bizitza erabat baldintzatu digu. Egoera berriaren aurrean, garbi genuen odol ateraldiak egiten jarraitu nahi bagenuen, lehengo aretoak ez zituela betetazen egoera berriak eskatzen zituen baldintzak. Irtenbidea aurkitu ezinik genbiltzala, alkateak deitu zigun, Elkarguneko aretoa eskainiz. Orduan piztu zitzaigun argia. Orduz geroztik, hemen egiten dira odol ateraldiak, eta aurrerantzean hemen egiten jarraituko dugu". Era berean, elkarteko kideek Azkoitia odol ateraldi kontuetan "eredu" dela azaldu zuten, eta hainbat daturen berri emateko aprobetxatu zuten hitzartzea: "Azken urtean, Gipuzkoan %30 odol gutxiago eman zen. Gu, aldiz, inoiz eman den kopururik handienaren pare gelditu ginen". Javier Zubizarreta altakeak ere hartu zuen hitza, eta hark esker hitzak izan zituen odol emaileekin nahiz elkarteko boluntarioekin.
Zumaian ere ostiralean egin zuten dominak banatzeko ekitaldia Jubilatuen Elkartean. Zumaiko bederatzi odol emailek jaso zuten aitortza, eta haien konpromisoa nabarmendu zuten.
Azpeitian larunbatez egin zuten ekitaldia, Sanagustin kulturgunean, eta bertan 30 lagunen ekarpena eskertu zuen Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak. Pandemia tarteko, Azpeitian odol-emate kopuruak nabarmen jaitsi direla azpimarratu zuten ekitaldian, eta herritarrei horretara animatzeko deia egin zieten. "Jaitsiera ikaragarria". Hitzok erabili zituen Iñaki Alberdi Azpeitiko Odol Emaileen elkarteko kideak Sanagustin kulturgunean egin zuten omenaldi-ekitaldian. Zehazki, iaz, pandemia tarteko, odol ateraldiek izan zuten beherakadan jarri zuen arreta hark. Izan ere, 2019an 1.078 odol ateraldi izan ziren Azpeitian, eta 2020an, nabarmen egin zuen behera kopuru horrek: 748 ateraldi egin zituzten herritarrek. Alberdik azaldu zuenez, pandemiak eragindako beldurrak eta egoera tarteko jarri duten hitzordu bidezko sistema dira beherakadaren eragileetako bi. "Badakigu herritarrek beste egoera batean ez ziotela odola ateratzeari uko egingo", esan zuen. Hala eta guztiz, iazko odol ateraldi kopurua "oso txikia" dela adierazi zuen, eta herritarrei horretara animatzeko deia egin zien, batez ere gazteei.
Zestoan gaur egin dute ekitaldia, udaletxeko areto nagusian. Bertan Mikel Arregi Ertxin alkateak eta Nerea Ayastui Zestoako Odol Emaileen Elkarteko kideak hartu dute hitza. Arregik odol emaileen ekarpena txalotu nahi izan du gaurkoan, eta haiei utzi die tartea ekitaldian. Ayastuik, aldiz, eskerrak eman dizkio udalari, baliabideak uzteagatik, eta odol ateraldiak egiteko azpiegiturak uzteagatik. Aurten, Gipuzkoako 496 odol emaile omendu dituztela kontatu du Ayastuik, eta horien artean, 23.305 aldiz eman dutela odola: “Emaile horiei esker, milaka bihotzek taupadaka jarraitzen dute Gipuzkoan”.