Garikoitz Mendizabalek eta Euskadiko Orkestrak 'Gutizia' lan berria kaleratu dute

Nerea Uranga 2021eko azaroaren 26a

Garikoitz Mendizabalek eta Euskadiko Orkestrak otsailean grabatu zuten lana, eta jatorri desberdinetako autoreen bederatzi obra jaso dituzte.

Lan berria kaleratu du Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak, Gutizia disko bikoitza. Kasu honetan, Euskadiko Orkestrarekin batera grabatutako bederatzi obren bilduma da, batzuk idatzi berriak eta besteak bertsio berri gisa aurkeztu dituztenak. Txistua eta orkestra uztartuz, jatorri ezberdinetako autoreen lanak interpretatu dituzte. Lanaren grabazioa joan den otsailean egin zuten Donostiako Miramonen, Euskadiko Orkestraren egoitzan, Jaume Santujok zuzenduta.

Gutizia lana urte askoan egindako lanaren eta errepertorio bilketaren emaitza dela nabarmendu du Mendizabalek aurkezpenean. "Ukaezina da musika berria den neurrian, txistu eta orkestrarako literatura areagotu eta aberasten duela, zalantzarik gabe. Eta hori izan da, urte hauetan guztietan, nire nahia eta nire saiakera ondorengo belaunaldiei begira", esan du txistulariak. Horrez gain, Mendizabalen hitzetan "bistakoa" da euskal musikagileek zein atzerrikoek idatzi dutela txistuarentzako: "Etorkizunean izango diren txistulariei utzi nahi nieke orkestra handi batez lagundurik jotzeko aukera eta material gehiago. Bide batez, oso ohikoak ez diren musika-tresna batzuekin egiten ari diren moduan (akordeoia, gitarra, eta abar), txistuak ere izango du, naturaltasunez, orkestra sinfoniko batekin aritzeko aukera gehiago, bai Euskal Herrian bai atzerrian". Gutizia lan berria euskal kulturaren nazioartekotze prozesuan "tresna eta baliabide ezin hobea" izan daitekeela sinetsita dago Mendizabal: "Baieztatu ahal izan baitut zeinen erreakzio zirraragarria izan ohi duten entzuleek gure txistua entzutean orkestra baten laguntzaz".

Gutizia diskoa Orpheus Classicalek editatu du, eta dagoeneko salgai dago dendetan, eta entzungai Spotify eta iTunes plataforma digitaletan. Durangoko Azokan ere saltzen jarriko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide