Martxan da Zestoa Osasuntsu programa, eta datorren asterako bi ekintza berri jakinarazi dituzte. Izatez hilabeteko lehen astearteak eta ostegunak ezarri zituzten ekintzak egiteko, baina abenduko lehen astean zubia tokatzen denez, jarduerak aurreko astera pasatu dituzte. Urtarrileko datak ere iragarri dituzte; urtarrilaren 11n izango da hil horretako tailerra, eta 13an ibilaldia.
Azaroaren 30ean, asteartea, Gorputzaren postura nola landu eta duen garrantzia bizitza osasuntsua mantentzeko deituriko tailerra izango da, 17:00etan, Zestoako jubilatuen tabernan; Mikel Irurek eskainiko du saioa. Ostegunean, abenduak 2, berriz, ordubete inguruko ibilaldia egingo dute Zestoan, 10:30ean hasita; kiroldegiko atean elkartuko dira. Gainera, jubilatuen elkartekoek egindako pintxoak dastatzeko aukera izango da goizaren amaieran. Antolatzaileek zehaztu dutenez, eguraldi txarra egiten badu frontoian egingo dute ekintza.
Bestalde, gogorarazi dute ekintzetan derrigorrezkoa izango dela maskara jantzita eramatea, eta tailerrean parte hartzeko aurrez izena eman beharko dela kiroldegian bertan edo 943-14 79 42 telefonora deituta.