Azpeitiko tertuliarekin amaitu ditu Urola Erdiko Itaiak azaroaren 25aren bueltako ekintzak

Ihintza Elustondo 2021eko azaroaren 22a

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira, hainbat ekintza gauzatu du egunotan Urola Erdiko Itaiak. Ostegunean Donostian egingo den mobilizaziora joateko deia egin dute.

Azaroaren 25aren harira, hainbat ekintza gauzatu ditu egunotan Urola Erdiko Itaiak Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Egungo kultura progresista: emakumeon ahalduntzea ala indarkeriaren normalizazioa? izenburupean egin dituzte Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako eguna dela-eta gauzatu dituzten ekintzak. Azaroaren 12an izan zen lehen saioa: Emakumeon ahalduntzea ala indarkeriaren normalizazioa? hitzaldia, Azkoitiko Elkargunean. Azaroaren 14an, berriz, mural margoketa egin zuten Zestoan.

Hurrengo astean jarraitu zuten ekintzekin. Hain zuzen ere, joan den ostiralean, Oh gu hemen tertulia izan zen, Zestoako Alonderoko aretoan, eta ondoren, jaialdia egin zuten Zestoako Gaztetxean. Ekintzekin amaitzeko, atzo, igandea, Azpeitian izan zen Oh gu hemen tertulia, Azpeitiko Basazabalen.

Donostiara joateko autobusa

Itaiak azaroaren 25ean, ostegunarekin, egingo duen mobilizazioarekin bat eginez, Urola Erdiko Itaiak autobusa jarriko du Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik hara joan nahi dutenentzat. 18:00etan hasiko da azaroaren 25eko mobilizazioa, Bulebarrean. Hara joateko autobusa, berriz, 16:50ean irtengo da Azkoititik, 17:00etan Azpeititik, eta 17:10ean Zestoatik. Autobuserako izena ematea gomendatu dute antolatzaileek, Itaiako kideen bitartez edo Azpeitiko Haginpe tabernan.

(Argazkiak: Urola Erdiko Itaia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide