Energia berriztagarrien komunitatea sortzeko bidean lehen hitzaldia antolatu dute Zestoan

Nerea Uranga 2021ko aza. 19a, 09:08

Zestoako Udalak "larrialdi klimatikoari aurre egin eta trantsizio energetikoaren bidean beste urrats garrantzitsu bat" eman nahi du. Horretarako, Goienerrekin batera, herrian energia berriztagarrien komunitatea sortzea dute asmoa.

Larrialdi klimatikoari aurre egin eta trantsizio energetikoaren bidean, "beste urrats garrantzitsu bat" eman nahi duela azaldu du Zestoako Udalak. Horretarako, Goiener elkartearekin lankidetzan, herrian energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko asmoarekin hitzaldi bat antolatu du Zestoan. Datorren asteazkenean, azaroaren 24an izango da solasaldia, 18:30ean, Alonderoko aretoan.

Hitzaldiaren helburua komunitate energetikoa zer den eta Zestoan etorkizun hurbilean egin asmo den proiektuaz informatzea da, udalak adierazi duenez: "Ondoren, Zestoan komunitate energetikoa sortu eta, epe ertainean, herrian eraikiko diren energia berriztagarrien guneak komunitateak berak kudeatu ditzan".

Behin komunitatea sortuta, bertako bazkide izateko aukera zabalduko dutela azaldu du herri erakundeak: "Gero, bazkide den orok herrian ekoiztuko den energiaz hornitzeko eskubidea izango du. Horrela, burujabetza energetikoaren bidean lehen harria jartzen hasiz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide