Pandemiak ekarritako urtebeteko etenaldiaren ondoren, haurrei zuzendutako errefortzu eskolak berreskuratuko dituzte Zestoan. Caritasek jarri zuen martxan herrian errefortzu eskolen proiektua, 2017an. 2019an, berriz, Gazte Asanbladak hartu zien lekukoa Caritasekoei. Eta orain, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren boluntario taldeko kideek hartuko dute egitasmoaren ardura.
Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko ikasleei zuzenduta daude, nagusiki, errefortzu eskolak. Egitasmoaren arduradun berriek aurreratu dute dagoeneko errefortzuko saioak astean behin emango dituztela, asteazkenetan, 17:30etik 18:30era, Gaztelekuan. Errefortzu eskolak "gehienbat migranteen seme-alabei" zuzenduta daudela azaldu du boluntario taldeko Ortzi Alberdik: "Behar bat ikusten zelako sortu ziren bere garaian errefortzu eskolak, eskolako lanak egiterakoan hizkuntza arazoengatik-eta behar bada etxean eman ezin zieten laguntza emateko, hor bazegoelako defizit bat". Horrekin lotuta, errefortzu eskolena "euskararen gaiari eusteko proiektu polita" izan daitekeela iritzi diote Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren kideek.
Dena den, egitasmoa bera eta xehetasun guztiak azaltzeko aurkezpena prestatu dute. Bihar izango da hori, Alonderon, 18:30ean hasita. Aurkezpenaren ondoren, gainera, euskararen eta klase sozialen gainean hitzaldia eskainiko du Paul Beitiak.