San Martin eguna da gaur, festa eguna Azpeitia eta Zestoa arteko Lasao auzoan. Joan den astean hasi zituzten ospakizunak, eta gaur ere izan da zertaz gozatua auzoan. Hain zuzen ere, meza egin dute 11:00etan bertako elizan, eta ondoren, hamaiketakoa izan da auzoko jubilatuentzat. Hogei bat lagun elkartu dira, eta giro ederra sortu da.
Bihar jarraituko dute festarekin Lasaon. 20:00etan txupinazoa izango da, eta horren ostean, bertso afaria Andoni Egañarekin eta Jone Uriarekin. Ondoren, Itzeder eta Txibilter trikitilariak ariko dira giroa alaitzen. Larunbatean ere izango da zertaz gozatua: 19:30ean, txosna zabalduko dute, eta ondoren, Frontoi Hotz Fest jaia egingo dute: 20:30ean Manitou taldearen kontzertua izango da, eta 21:30ean, Istilu taldea ariko da zuzenean.