Eraikin berrian ematen hasiko den zerbitzua "inolako murrizketarik gabe" ematea eskatu dio Zestoako Udalak Correosi

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 10a, 11:57

Gaur egungo eraikina udalaren jabetzakoa dela, ikuskaritza teknikoa ez duela gainditu eta eraitsi egingo dutela jakinarazi du erakundeak. "Kezka" agertu du udalak zerbitzuarekiko, Correosen barne antolaketa berriaren ondorioz langile gutxiago izango direla eta.

Correosen zerbitzuen "gehiegizko murrizketak" salatzeko elkarretaratzea egin zuten joan den azaroaren 2an Zestoako posta bulegoaren atarian, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Correosek ezarritako "murrizketak" salatu zituzten hil hasieran sindikatuek,  Zestoako bulegoan lanpostu bat eta Azpeitikoan beste bat kendu dituelako, eta langile gutxiagorekin, "Zestoako eta Aizarnazabalgo postarien lanpostuen kalitatea" zein posta zerbitzuarena "okertu" egingo direla nabarmendu nahi izan zuten.

Gaur, Zestoako Udala izan da Correosen barne antolaketa berria dela-eta iritzia eta azalpenak eman dituena, eta "kezka" agertu du erakundeak. Correosek udalari "aldaketek herritarrengan eraginik ez" dutela izango helarazi dio. Baina Correosek lehendik ezarrita zituen murrizketen esperientzia kontuan hartuta, zalantzan jarri du udalak posta zerbitzuaren kudeatzaileek esandakoa: "Lehen ere arreta zerbitzua sei ordutik hiru ordura murriztearen ondorioz bulego atarian jende ilarak ikusi ditugu. Beraz, hemendik aurrera beldur gara zerbitzua ez ote den gehiago okertuko".

Egoitza aldaketa, aurki

Sindikatuek agertutako kezkarekin bat egin du Zestoako Udalak, eta gainera, Correosen Zestoako bulegoa aurki lekuz aldatuko dutela aurreratu du.

Udalak azaldu duenez, gaur egun Correosen bulegoa dagoen eraikina udalaren jabetzakoa da. 50 urtetik gorako eraikinek pasatu beharreko ikuskaritza teknikoaren azterketa ez du gainditu, ordea, eraikin horrek, eta "azterketa teknikoak konpontzea baino eraistea egokiagoa dela aholkatu duenez, epe motzean eraikina eraitsi" egingo dutela jakinarazi du udalak. Correosi beste eraikin bat utziko diola gaineratu du udalak, eta "aldaketa prozesua dagoeneko martxan" dela.

Aldaketa batzuk eta besteak kontuan hartuta, "Zestoako Udalak eraikin berrian epe motzean hasiko den zerbitzua ahalik eta era egokienean eta inolako murrizketarik gabe eman dezala" eskatu dio Correosi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide