Azaroaren 25aren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu Urola Erdiko Itaiak

Mailo Oiarzabal 2021eko azaroaren 9a

Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan jarri ditu hitzorduak Emakumeen Antolakunde Sozialistak, datorren ostiralean hasita. Azaroaren 25ean bertan hiru herrietatik Donostiako mobilizaziora joateko autobusa ere jarriko du.

Hitzaldiak, solasaldiak, mural margoketa eta jaialdia. Horiekin osatu du Urola Erdiko Itaiak Azaroaren 25aren bueltarako prestatu duen egitaraua. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan jarri dituzte hitzorduak datozen egunetarako.

Egungo kultura progresista: emakumeon ahalduntzea ala indarkeriaren normalizazioa? izenburupean aurkeztu du Itaiak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako eguna dela-eta osatu duen egitaraua, eta ostiral honetan estreinatuko du, Azkoitian. Hau da Azaroaren 25aren inguruan Urola Erdiko Itaiak antolatutako egitarau osoa:

Azaroaren 12a, ostirala. Emakumeon ahalduntzea ala indarkeriaren normalizazioa? hitzaldia. Azkoitiko Elkargunean, 18:00etan.

Azaroaren 14a, igandea. Mural margoketa egingo dute Zestoan, 12:00etan.

Azaroaren 19a, ostirala.

  • Oh gu hemen tertulia, Zestoako Alonderoko aretoan, 18:00etan.
  • Jaialdia Zestoako Gaztetxean, 20:00etatik aurrera.

Azaroaren 21a, igandea. Oh gu hemen tertulia, Azpeitiko Basazabalen, 18:00etan.

Donostiara joateko autobusa

Itaiak azaroaren 25ean, ostegunarekin, egingo duen mobilizazioarekin bat eginez, Urola Erdiko Itaiak autobusa jarriko du Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik hara joan nahi dutenentzat.

18:00etan hasiko da azaroaren 25eko mobilizazioa, Bulebarrean. Hara joateko autobusa, berriz, 16:50ean irtengo da Azkoititik, 17:00etan Azpeititik, eta 17:10ean Zestoatik. Autobuserako izena ematea gomendatu dute antolatzaileek, Itaiako kideen bitartez edo Azpeitiko Haginpe tabernan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide