Bihar hasiko da Zestoako aurtengo Mendi Astea

Mailo Oiarzabal 2021eko azaroaren 8a

Joxe Ramon Agirre 'Marron' eta Jose Luis Eizagirre mendizaleen proiekzio-hitzaldi bana eta korapiloen gaineko tailerra prestatu ditu aurtengorako Agiro Mendi klubak.

Bihartik ostirala bitartean egingo dute Zestoan 2021eko Mendi Astea. Hiru hitzordurekin osatu du Agiro mendi klubak udalarekin batera antolatu duen egitasmoa; Alonderon egingo dituzte ekitaldi guztiak.

Bihar, 19:45ean hasita, Zeelanda Berriko Cook mendira egindako espedizioaren gaineko azalpenak eta han jasotako irudiak eskainiko ditu Joxe Ramon Agirre Marron mendizale ezagunak. Ostiralean ere mendiko proiekzio eta hitzaldi bat jarraitzeko aukera izango dute mendizaleek: Jose Luis Eizagirre azkoitiarrak Ilusio batetik... Dhaulagiri VII-Putha Hiunchuli (7.246 m) saioa eskainiko du, 19:00etan.

Korapilo tailerra

Asteazkenerako iragarri duten korapilo tailerra da aurtengo asteko berrikuntza. 19:00etan hasiko da saioa eta ez dago aurrez izena eman beharrik. Mendirako sokak erabiltzen jakin nahi duen edonork har dezake parte.

Mendi Asteko horretaz gain, korapiloen ezagutzan sakontzeko beste saio praktiko bat egin nahi dute Agirokoek aurrera begira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide