Euskarazko produktuen kontsumoa bultzatzeko kanpaina prestatu dute Zestoan

Mailo Oiarzabal 2021eko azaroaren 5a

'Euskaraz gozatu nahi dut' leloarekin, bereziki gaztetxoei zuzenduta dago eta aurten etxez etxe banatuko ez duten Euskarazko Produktuen Katalogoa gizarteratzeko tresna gisara erabili nahi dute. Ipuin kontaketak, jolasak eta film emanaldiak egingo dituzte azaroan zehar, datorren asteartean hasita.

Euskarazko kultur produktuen kontsumoa sustatzeko kanpaina berria prestatu du Zestoako Udalak. Euskaraz gozatu nahi dut izena jarri dio egitasmoari, eta bereziki haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ekitaldiak dakartza eskutik.

Udala eta herriko hainbat eragile eta nornabako batzen dituen Euskara Foroan agertutako kezketako bat izan da euskarazko produktuen kontsumoaren ingurukoa, eta hor izan du sorburua kanpaina berriak. Gainera, eta era berean, urte sasoi honetan Zestoan urtero banatu izan duten Euskarazko Produktuen Katalogoarekin ere lotura estua du egitasmoak. Izan ere, Euskaraz gozatu nahi dut kanpaina aurkeztearekin bat jakinarazi du udalak aurten ez dutela paperezko katalogoa etxez etxe banatuko; kanpainarekin, ordea, katalogo horren edukiak gizarteratzeko tresna berriak jorratu nahi izan dituzte.

Egitaraua

Ipuin kontaketak, jolasak eta zinea dira Euskaraz gozatu nahi dut kanpainaren barruan antolatu duten egitarauaren osagaiak. Guztira bost ekitaldi prestatu dituzte, guztiak azaroan izango dira, eta, ipuin kontaketa saioei dagokienez, horietara joan nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, 688 684 029 WhatsApp zenbakian.

Datorren asteartean izango dute Zestoan Euskaraz gozatu nahi dut kanpainaren barruko lehen hitzordua. Hau da, osorik, datozen asteetarako prestatu duten egitaraua:

  • Azaroaren 9a, asteartea. Ipuin kontaketa Aiala Etxaberekin, 17.30ean, liburutegian. Adina: HH5 eta LH 1. maila.
  • Azaroaren 19a, ostirala. Haurrentzako mahai-jolasak, Barbantxo aisialdi taldearekin (taldea beteta dago).
  • Azaroaren 22a, astelehena. Ipuin kontaketa Ruben Larrañagarekin, 17:30ean, liburutegian. Adina: HH5 eta LH 1. eta 2. mailak.
  • Azaroaren 24a, asteazkena. Ipuin kontaketa Esti Zabalarekin, 17:30ean, liburutegian. Adina: HH4tik gorako haurrentzat.
  • Azaroaren 28a, igandea. Euskarazko filmen emanaldia, Kultur Etxeko areto nagusian. 17:00etan, Grufaloa emango dute; eta 18:30ean, Pirata arratoia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide