"Aisialdirako bi gune berritzen eta egokitzen" ari dela jakinarazi du Zestoako Udalak, Arteaga auzuneko haurren jolas parkean eta San Juan ermitaren aurreko parkean egiten ari den lanak azaltzeko.
Arteagako parkean "elementu berriak" jarri dituzte, eta parkea berritzeko erabili duten materiala berziklatutako plastikoz egindakoa dela azaldu du udalak. 14.805 euro bideratu dituzte jolas parke hori berritzeko.
San Juan ermitaren aurreko parkeari dagokionez, hara eraman dute orain arte Gurutzeaga kaleko autobus geltoki zaharrean zegoen egurrezko markesina, inguruko auzotarrek eta San Juan egoitzako egoiliarrek eta haien senideek "egonleku estalia izan dezaten eskura". Gurutzeagako geltokia ez da erabiltzen, eta haren tokian komun publikoa jarriko dute.
"Muntaia udal brigadak egin du eta egoera txarrean zeuden zenbait elementu aldatu egin direnez, egur berriak aldatzearen kostua 505 eurokoa izan da", azaldu du udalak San Juan ermita aurrera lekualdatu duten markesinaren gainean.
"Bi proiektu hauek bukatzear daude eta, behin burututakoan, herritarrek gune berriez gozatzeko aukera izango dute", dio udalak.