Gaztetxearen lekualdatze eskaerarekin bat egin dute Kutur Etxeko hainbat eragilek

Mailo Oiarzabal 2021eko azaroaren 3a

Gaztetxea eliz ondoko lokaletara eramatea proposatu du Gazte Asanbladak, eta proposamen hori babestuz adierazpena plazaratu dute AEK-k, Danbolinzuloren erredakzioak, musika eskolak, musika bandak eta Arte Eszenikoen Eskolaren zuzendaritzak.

Gaztetxea Kultur Etxetik atera eta eliz ondoko aretoetara lekualdatzeko proiektua eta hori gauzatzeko negoziaziorako hiruko mahaia eratzeko proposamena aurkeztu zituen irailean Zestoako Gazte Asanbladak. Asanbladako kideek herriko hainbat eragileren eta norbanakoren babesarekin aurkeztu zuten proposamena, eta babes berriak jaso dituzte orain.

Izan ere, Kultur Etxeko beste hainbat eragilek adierazpen bateratua plazaratu dute egunotan, Gazte Asanbladaren eskaerarekin bat eginez. Zestoako AEK euskaltegia, Danbolinzulo kultur elkarteko erredakzioa (Danbolin), Ertxiña musika eskola, Zestoako Musika Banda eta Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako zuzendaritza batzordea dira adierazpena sinatu dutenak. Gaztetxeak bezala, Kultur Etxean dute egoitza gaur-gaurkoz eragile horiek.

Hiru arrazoi edo argudio nagusi eman dituzte Kultur Etxea erabiltzen duten bost eragileok Gaztetxearen lekualdatzea eta Gazte Asalbladaren proposamena babesteko. Batetik, Kultur Etxeak ateak ireki zituenetik gaur egunera arte azpiegituraren "erabiltzaile kopuruak nabarmen gora" egin duela gogoratu dute aipatutako eragileek. "Hori dela eta, agerian geratu da espazioa txiki geratu dela denontzat". Horrez gain, ulertzen dute "begi-bistakoa" dela Kultur Etxea erabiltzen duten eragile desberdinen jarduerak ez direla "bateragarriak"; "maiz, Gaztetxearen dinamikek gainerako eragileon jarduna oztopatu" izan dutela gehitu dute. Horregatik, bost eragile horiek uste dute Gaztetxea Kultur Etxetik ateratzea "aukera" izan daitekeela "behin-behinean, espazioa modu egokiagoan eta eraginkorragoan antolatzeko" eta "bai Gazte Asanbladak, bai gainerako eragileok geure jarduna baldintza hobeetan egiteko aukera" izan dezaten.

Gazte Asanbladaren proposamena Zestoan kultur azpiegituren gainean egiten ari diren hausnarketa prozesuaren ingurumarian etorri da. Irailean bertan, Gazte Asanbladakoek proposamena plazaratu ondoren, egin zuten prozesu horren lehen bilera irekia, eta urtea amaitu aurretik bigarrena egitekotan gelditu ziren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide