Urola Erdiko Itaiak Emakume Langileen Eskola jarri du martxan

Maialen Etxaniz 2021eko azaroaren 3a

Itaiak "emakume langileek egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak identifikatu eta horiei aurre egiteko" Emakume Langileen Eskolak jarri ditu martxan. Azkoitian dagoeneko egin dute lehen saioa, eta datozen egunetan Zestoan eta Azpeitian egingo dituzte. Bertan, Salda Badago Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan Itaiak egindako hitzartzea izango dute hausnarketarako abiapuntu.

Itaia emakumeen antolakunde sozialistak Emakume Langileen Eskolak antolatu ditu aurtengo ikasturterako Euskal Herri osoan zehar, "emakume langileek egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak identifikatu eta horiei aurre egiteko mekanismoak pentsatzeko". Urola Erdiako Itaiak ere prestatu ditu eskolak, eta dagoeneko hasi dira martxan. Oraingoz, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan egingo dituzte Emakume Langileen Eskolak. Azkoitian joan zen ostiralean egin zuten lehen saioa. Aste honetan, aldiz, Zestoaren eta Azpeitiaren txanda izango da. Lehen saio horretan Salda Badago Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan Itaiak egindako hitzartzea izango dute hausnarketarako abiapuntu. Itaiako kideek gomendatu dute aurrez Salda Badagoko Itaiaren hitzartzea ikustea, "testua hobeto lantzeko". Dena den, azaldu dute larunbateko saioan bideoa berriro ikusteko tartea hartuko dutela. Zestoako saioa ostiralean izango da, 17:00etan, Zestoako Gaztetxean. Azpeitikoa, aldiz, larunbatean egingo dute, 11:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean. 

Ezinbestekoa da emakume langileon ahalduntze politikoan sakontzea eta hausnarketarako zein eztabaidarako espazioak sortzea. Bide horri jarraituz datoz Emakume Langileon Eskolak, ezagutzaren beharra lehen lerroan jartzeko eta eskualdeko emakume langileok gaitasun teorikoak eskuratzeko. Bidean ikusiko dugu elkar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide