Correosen zerbitzuen "gehiegizko murrizketak" salatu dituzte Zestoan

Ihintza Elustondo 2021eko azaroaren 2a

ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute Zestoako Correosen bulegoaren aurrean. "Murrizketak eta lanpostuen kalitatearen galera" gaitzetsi dituzte.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta, Correoseko langileen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Zestoan. Hogei lagun inguru elkartu dira Correosen bulegoaren aurrean, Enplegu suntsiketarik ez! zioen pankartaren atzean. 3Z adinekoen taldekoek ere bat egin dute protestarekin: Adinekoak zerbitzu publikoen defentsan izeneko kartela eraman dute haiek mobilizaziora.

Sindikatuek jakinarazi dutenez, "Zestoako eta Aizarnazabalgo postarien lanpostuen kalitatea okertu" egingo da, eta Correosen zerbitzuetan "murrizketak" izango dira. "Postariak Zestoatik Azpeitira lekualdatzeaz gain, Correosek Zestoako lanpostu bat eta Azpeitiko beste bat kendu eta zerbitzua emateko geratzen diren Zestoako langileak gainkargatu ditu", adierazi dute.

Sindikatuek azaldu dutenez, Correos "azken urte hauetako posta arruntaren murrizketan" oinarritu da bi lanpostu ezabatzeko. Sindikatuei, ordea, arrazoi hori ez zaie nahikoa iruditzen, enpresak ez baititu bestelako alor batzuk kontuan hartu, hala nola paketeriako datuak edo erregistratutako produktuen igoera: "Correosek ez du ezer esaten paketeriaren (% 24,8) eta erregistratutako produktuen (ziurtagiriak eta jakinarazpenak) igoerari buruz, ezta 2021eko uztailaren 14an argitaratutako irabaziei buruz ere. 1,8 milioi euro irabazi zituen urteko lehen seihilekoan".

Correoseko ordezkariek esan dute erregistratutako bidalketak direla enpresaren finantzaketa iturri "garrantzitsuenetako bat". Hori dela eta, sindikatuen arabera, "milioi askoko zifrak inbertitu dituzte sailkapen-makinetan eta PDA makinetan –32, 9 milioi euro–, eta langileen artean murrizketak egin dituzte". Ondorioz, "zerbitzuaren kalitatea galdu" egin dela salatu dute sindikatuek, eta adibide gisa jarri dute entrega-epeak betetzeko duten zailtasuna. "Langileen lan baldintzak okertu dira, eta horiek aurre egin beharko diete ezinezkoak diren lan kargei eta gehiegizko distantziei. Azpeitia eta Zestoa arteko joan-etorria 17,6 kilometro da", adierazi dute.

Bi banatzaile soilik

Bihartik aurrera, bi banatzailek lan egingo dute Zestoan eta Aizarnazabalen, eta hori bi pertsonarentzat "gehiegizko lan karga" dela salatu dute sindikatuek. "Bi pertsona Zestoako 3.772 biztanleentzat eta Aizarnazabalgo 779rentzat. Guztira, 4.551 pertsonari eman beharko diete zerbitzua". Era berean, iaz Zestoako bulegoaren ordutegia murriztu zutela gogorarazi dute, "sei ordutik hirura".

Gaurko protestarekin, Correos egiten ari den murrizketak "gehiegizkoak" iruditzen zaizkiela salatu dute. "Logikoa denez, enplegua suntsitzearen eta zerbitzuaren kalitatea galtzearen aurka gaude. Badirudi Correosek beste bide batetik joan nahi duela", adierazi dute sindikatuek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide