Zestoako Udalak antolatuta, Kale gorrian izeneko antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute Arroabean azaroaren 5ean, ostiralez. Emanaldia 17.00etan izango da, eta kaleko antzerkia izanik, Arroabeko plazan eskainiko dute. Beraz, nahi duen oro bertara daiteke ikuskizunaz gozatzera. Kale gorrianek etxerik gabe gelditzear diren aiton-amona bikote baten istorioa kontatzen du. Berrogei urtez bizi izan dira etxe horretan, auzo horretan, eta ezkondu ondoren erosi zuten pisua betirako uzteko unea iritsi zaie.
Horrela dio antzerkiaren sinopsiak: "Polizia beren balkoiaren azpian dago, gunea inguratuta dute, eta epailearen agindua betetzeko prest daude. Auzokideak etxearen inguruan batu dira egoera horren lekuko izan eta beharbada, kexatzeko.
Marianok ez du etxetik joateko asmorik, amaierara arte gogor eutsi nahi du. Horretarako, hainbat estrategiaz baliatuko da. Begoñak, bestalde, nahiago du egoera horrekin lehenbaitlehen amaitu. Lotsa handia ematen dio bizitzen ari direnak. Baina ez ditu bere gauzak etxe barruan utzi nahi. Auskalo bankuek zertarako erabiliko dituzten… Azken finean gauza horiek bere oroitzapenak dira, edo hobeto esanda, bere bizitza. Ikusiko dugu azkenean nola amaituko den kontua. Justizia egingo al da?"