Europako Txapelketa irabazi duzue hainbat modalitatetan. Gustura al zaude lorpenarekin eta egindako lanarekin?
Oso-oso gustura gaude lortutako garaipenekin. Mutilek hiru modalitatetan parte hartu dute, eta neskok, bitan. 19 urtez azpikoen eta 17 urtez azpikoen onewall modalitatean urrezko dominak eskuratu ditugu neskok, eta nazioarteko modalitatean, berriz, zilarrezkoa. Mutilek, berriz, bi brontzezko eskuratu dituzte, onewall eta nazioarteko modalitateetan. Egia esan, duela bi urte Portugalen izan zen Europako Txapelketara gutxiago prestatuta joan ginen. Aurtengorako lan gehiago egin dugu, eta beraz, hobeto prestatuta joan gara.
Nola osatu duzue euskal selekzioa aurtengoan?
Joan zen ostegunean abiatu ginen Bilbotik eta igande gauean itzuli ginen. Hasiera batean, hamalau pilotari ginen joatekoak, baina azkenean bi baja izan ziren, eta hamabi lagun joan ginen. Onewall eta nazioarteko modalitateetan aritu naiz ni. Bi lehien hasieran ligaxkak jokatu genituen, eta ligaxkako aurreneko bi sailkatuek jokatu zuten finala. Partida asko ziren, eta taldekako txapelketa izanik, txandaka aritu ginen.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Europako Txapelketa jokatzeko aukera ez da besterik gabe etortzen. Lehenago ere jokatutakoa nintzen selekzioarekin; izan ere, halako txapelketa bat duela bi urte jokatu zuten euskal selekzioko emakumeek aurreneko aldiz. Aurtengoa esperientzia izugarri polita izan da.
Espero al zenuen deialdian sartzea? Nola hartu zenuen berria?
Ia bi hilabete inguru igaro genituen probak egiten udan. Astero egiten genituen entrenamenduak, eta egia esan, tentsio handiko bolada izan zen. Gero, hautatu egin nindutela esan zidatenean, lasaitua hartu nuen, eta txapelketara disfrutatzera joan nintzen.
Joan eta txapelketa irabazi...
Hobeto prestatuta ginenez, Portugalen lortutakoak baino emaitza hobeak espero genituen. Egia esan, gure kasuan, Valentziako eta Herbehereetako selekzioen aurkako lehiak gogorrak izan dira. Mutiletan, berriz, Belgikako, Herbehereetako, Euskal Herriko eta Valentziako selekzioak oso-oso parekatuta ibili dira modalitate guztietan.
Zer-nolako mailarekin egin duzue topo txapelketan?
Gainerako herrialdeak gu baino askoz ere lehenagotik dabiltza halako txapelketetan, eta esperientzia handiagoa dute. Maila onarekin egin dugu topo. Dena den, aurre egin diegu, eta gustura gaude.
Txapelketan egin duzuen lanetik zer nabarmenduko zenuke?
Entrenamenduak. Izan ere, entrenamenduei esker joan gara Portugalera baino prestatuago. Bestalde, aipatzekoa da selekzioko kideok geure artean izan dugun giroa. Talde batzuek seriotasunez eta tentsioarekin jokatzen zuten. Gu, berriz, elkar animatzen aritzen ginen partida guztietan, eta oso giro polita izan dugu.