Zestoako eta Aizarnazabalgo postarien egoera eta Correosen zerbitzuen murrizketa salatu dute sindikatuek

Maialen Etxaniz 2021eko urriaren 25a

ELAk, LABek eta ESK-k salatu dutenez, Zestoako eta Aizarnazabalgo postarien lanpostuen kalitatea okertu eta Correoseko zerbitzuetan murrizketak izango dira. Azaroaren 3tik aurrera bi banatzailek egin beharko dituzte Zestoako eta Aizarnazabalgo banaketak. Murrizketak salatzeko elkarretaratzea deitu dute azaroaren 2rako Zestoako Correoseko bulegoaren aurrean.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek jakinarazi dutenez, Zestoako eta Aizarnazabalgo postarien lanpostuen kalitatea okertu eta Correoseko zerbitzuetan murrizketak izango dira. Horrela adierazi dute gaur hedabideetara bidalitako oharrean: "Zestoako eta Aizarnazabalgo herrietan lanpostuak eta kalitatea galduko direla salatu eta jakinarazi nahi diegu herritarrei". Hiru sindikatuek adierazi dutenez, "postariak Zestoatik Azpeitira lekualdatzeaz gain, Correosek Zestoako lanpostu bat eta Azpetiko beste bat kendu eta zerbitzua emateko geratzen diren Zestoako langileak gainkargatu ditu". 

Sindikatuek azaldu dute Correosek bi lanpostu ezabatzeko jarri duen arrazoia "azken urte hauetako posta arruntaren murrizketan" oinarritzen dela. Sindikatuei, ordea, arrazoi hori ez zaie nahikoa iruditzen, enpresak ez baititu bestelako alor batzuk kontuan hartu, hala nola paketeriako datuak edo erregistratutako produktuen igoera: "Correosek ez du ezer esaten paketeriaren (% 24,8) eta erregistratutako produktuen (ziurtagiriak eta jakinarazpenak) igoerari buruz, ezta 2021eko uztailaren 14an argitaratutako irabaziei buruz ere. 1,8 milioi euro irabazi zituen urteko lehen seihilekoan".

Gipuzkoako Correosen eta Telegrafoetan ordezkaritza duten LAB, ESK eta ELA sindikatuen arabera, Correoseko ordezkariek adierazi dute erregistratutako bidalketak direla enpresaren finantzaketa iturri "garrantzitsuenetako bat". Hori dela eta, sindikatuen arabera, "milioi askoko zifrak inbertitu dituzte sailkapen-makinetan eta PDA makinetan –32, 9 milioi euro–, eta langileen plantillan murrizketak egin dituzte". Ondorioz, "zerbitzuaren kalitatea galdu" egin dela salatu dute sindikatuek, eta adibide gisa jarri dute entrega-epeak betetzeko zailtasuna. "Hala, lan-baldintza okerragoak ezarri dira langileentzat, eta horiek aurre egin beharko diete ezinezkoak diren lan-kargei eta gehiegizko distantziei. Azpeitia eta Zestoa bitartean dagoen distantzia ezin da ahaztu: 17,6 kilometro joan etorria", adierazi dute ELAk, LABek eta ESK-k. 

Bi banatzaile, 4.551 pertsonentzat

Azaroaren 3tik aurrera, bi banatzailek emango dute zerbitzua Zestoan eta Aizarnazabalen, eta hori bi pertsonentzat "gehiegizko lan karga" dela salatu dute sindikatuek. Era berean, iaz Zestoako Correoseko bulegoaren ordutegia murriztu zutela gogorarazi dute: "Azaroaren 3tik aurrera, Zestoari eta Aizarnazabali zerbitzua emango diete banaketako bi pertsonak. Hau da, bi pertsona Zestoako 3.772 biztanleentzat eta Aizarnazabalgo 779 pertsonentzat.  Guztira, 4.551 pertsona. Gainera, aurreko urtean Zestoako bulegoak jendaurreko ordutegia murriztu zuen, sei ordutik hirura".

Murrizketak "gehiegizkoak" direla iritzita, elkarretaratzea deitu dute azaroaren 2rako (12:30), Zestoako Correoseko bulegoaren aurrean. "Correos egiten ari den murrizketak gehiegizkoak iruditzen zaizkigu, eta, logikoa denez, enplegua suntsitzearen eta zerbitzuaren kalitatea galtzearen aurka gaude. Badirudi Correosek beste bide batetik joan nahi duela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide