Iaz bezala, 2021eko Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren banakako finalerako sailkapen kanporaketa Zestoako kiroldegian jokatuko dute aurten ere; datorren urriaren 30ean, larunbatarekin, egingo dute. 18:30ean hasiko da aizkora lehia eta guztira hamasei kirolarik hartuko dute parte, hamahiruk gizonen kanporaketan, eta hiruk emakumeenean.
Gizonen lehian erabakiko dira oraindik eguna eta tokia zehazteko dituen finaleko zortzi protagonistak. Hamahiru aizkolarien zerrendan eskualdeko hiru kirolari daude: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra; Larrañaga txapeldunorde, Otaño hirugarren eta Txikia IV.a bosgarren izan ziren iazko txapelketan. Iker Vicente egungo txapelduna (Otsagabia, Nafarroa), Jon Irazu (Zizurkil, Gipuzkoa), Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia), Jon Rekondo (Leitza, Nafarroa), Ugaitz Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa), Jexux Mujika (Irura, Gipuzkoa), Julen Larrea (Barakaldo, Bizkaia), Arkaitz Jauregi (Ilarduia, Araba), Iñaki Azurmendi (Ataun, Gipuzkoa) eta Eloy Corchero (Araia, Araba) dira finalerako txartelen bila ariko diren beste hamar aizkolariak. Zerrendako azken biek, Azurmendik eta Corcherok, joan den asteburuan lortu zuten Zestoako kanporaketan aritzeko eskubidea, Araian jokatu zen Promozio mailako finalean hurrenez hurren txapeldun eta txapeldunorde izan ostean. Bi kanaerdiko, 60 ontzako bi enbor eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte aizkolariek Zestoako saioan.
Emakumeen txapelketari dagokionez, bost dira finalean sartzeko lehian ari diren aizkolariak. Horietatik bi, Maika Ariztegi (Ituren, Nafarroa) eta Beatriz Tanco (Sarriguren, Nafarroa), Araian lehiatu ziren. Zestoan, Karmele Gisasola Zelai III.a (Mallabia, Bizkaia), Garazi Arruti (Bilbo) eta Uxue Ansorregi (Mendaro, Gipuzkoa) ariko dira. Bost aizkolari horietatik hiru denbora onenak egiten dituztenak sailkatuko dira finalera.
Gizonek bi kanaerdiko, 60 ontzako bi enbor eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte aizkolariek Zestoako saioan; eta 36 ontzako launa enbor, berriz, emakumeek.
Sarrerak salgai
Urriaren 30ean Zestoako kiroldegiko kanporaketa erabakiorrera joan nahi duten zaleek dagoeneko eskuragarri dituzte sarrerak.
Interneten, txapelketaren webgunean eros daitezke sarrerak. Bestela, Zestoako Turismo bulegoan eta Azpeitiko Mendizabal erretegian ere jarri dituzte salgai, eta kanporaketaren egun berean kiroldegian bertan ere salduko dituzte sarrerak.