Esku pilota jaialdirik ez da izango oraingoan, baina bai erremonteko bi, Zestoako kiroldegiko pilotalekuan. Etzi eta larunbatean, urriaren 15ean eta 16an, e-Remonte Beti Euskal Jai enpresaak antolatutako frontoi motzeko profesionalen Banakako Erremonte Txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte bertan.
Bi jaialdietako partida nagusiak izango dira finalaurrekoak, baina jaialdi bakoitzean binakako partida bat ikusteko aukera izango da aurretik; 30 tantora jokatuko dituzte partida guztiak. Ostiralean 22:30ean hasiko da jaialdia; Uterga eta Ezkurra II.a izango dira egun horretan lehen finalaurrekoaren protagonistak, eta Aldabek eta Otanok Jabaleraren eta Barricarten kontra neurtuko dituzte indarrak lehen partidan. Larunbatean, berriz, 19:00etan hasiko da erremonte jaialdia Zestoan. Ion Etxeberria azpeitiarra eta Zeberio II.a lehiatuko dira finalerako txartelaren bila, eta Matxin III.ak eta Agirrezabalak Otxandorenaren eta Azpirozen kontra jokatuko dute arratsaldeko lehen partida.
Enpresa berria da e-Remonte Beti Euskal Jai –iaz sortu zuten– eta Zestoak hartuko duena da enpresa horrek buruz buruko modalitatean antolatu duen lehen txapelketa. Halaber, e-Remonte Beti Euskal Jaik Nafarroatik kanpo antolatu dituen lehen jaialdiak dira Zestoakoak.
Erremontea, aspaldiko partez
Jose Miguel Leatxe e-Remonte enpresaren ordezkariakk eta bigarren finalaurrekoan ariko diren Ionek eta Zeberiok Mikel Arregi alkateak lagunduta aurkeztu dituzte gaur asteburuko jaialdiak, pilotalekuan bertan.
Arregik gogoratu du asteburukoak ez direla izango Zestoako pilotalekuan jokatuko diren erremonteko lehen partidak, baina "urte batzuk" joan dira aurrekoak jokatu zituztenetik, eta eskertuta azaldu da herrian berriro erremontearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango delako. Erremontea "benetako espektakulua" dela adierazi du Zestoako alkateak, eta herriarentzat "ohore bat" izango dela txapelketa berri honen finalaurrekoak hartzea. Herritarrei bi jaialdiak ikustera joateko dei egin die, eta gogoratu du, pandemiaren aurreko "murrizketak altxatuta", edukiera aldetik "inongo arazorik" ez dela izango frontoian, ikusleek musukoa jantzita izan beharko dutela ahaztu gabe.
Leatxek esker ona itzuli dio Zestoako Udalari enpresaren izenean, jaialdiak antolatzeko "erraztasunak besterik ez" dituztelako izan. Orain arte e-Remonte Beti Euskal Jairen jaialdi eta txapelketa denak Nafarroan jokatu badituzte ere, enpresaren helburua "beti" izan da, Leatxeren hitzetan, jaialdiak "batik bat Nafarroan eta Gipuzkoan" eskaintzea, eta urratzen hasi nahi duten bidearen lehen urratsa izango da Zestoakoa. Zestoan ez, baina inguruko herrietan erremonterako joera eta erremontista asko egon direla eta daudela ekarri dute gogora bai Arregik eta bai Leatxek. Horren erakusgarri izango da, hain zuzen, larunbateko jaialdia, parte hartuko duten lau pilotarietatik hiru –Ion, Matxin III.a eta Agirrezabala– Matxinbenta-Azpeitikoak baitira. Leatxeren esanetan, horregatik ere "aukera polita" da beraientzat Zestoan jokatzea.
Enpresako pilotariek proiektu berriarekiko erakutsi duten "konpromisoa" ere eskertu eta goraipatu du gaur Leatxek. Bigarren finalaurreko bi protagonistek, berriz, ibilbide berriak zein Zestoan jokatzeak eragiten dien "ilusioa" aipatu dute, eta pilotazaleak asteburuan frontoira joatera animatu nahi izan dituzte Zeberio II.ak eta Ionek.
Sarrerak
Pilotazaleak erakartzeko, 5 eurotan jarriko dituzte sarrerak jaialdien bi egunetan, pilotalekuan bertan. Gainera, ostiraleko jaialdirako sarrera erosten dutenek txartel berarekin larunbatekoa ere ikusteko aukera izango dute.