Emakume Master Cup txapelketaren finala jokatu dute gaur eguerdian Logroñoko (Errioxa, Espainia) Adarraga pilotalekuan, eta Naroa Agirre zestoarra eta Olatz Arrizabalaga nagusitu dira San Mateotako emakumezkoen lehen txapelketaren finalean. Hain zuzen ere, 22 eta 13 irabazi diete Amaia Aldairi eta Andrea Capellani.
Partidaren lehen zatia parekatua izan da, eta 11na tantora berdinduta ere egon dira. Handik aurrera, ordea, urdinak gailendu dira, nagusitasunez bukatzeko. Dena dela, emaitzak dirudiena baino alde txikiagoa egon da kantxan. Baimendutako edukiera guztia beteta, giro paregabean, final dotorea jokatu dute lau pilotariek, eta tanto ederrak utzi dituzte.
Final handiaren aurretik, hirugarren posturako lehia jokatu dute leku berean. Miren Larrartek eta Nora Mendizabalek 18 eta 8 irabazi diete Leire Garairi eta Mirian Arrillagari.