Gaur, irailak 25, 36 urte bete dira GAL erakundeak Xabin Etxaide zestoarra tiroz hil zuenetik. Baionako Monbar hotelean izan zen hilketa, eta zestoarrarekin batera hil zituzten Inaxio Astiasuinzarra, Jose Mari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena ere. Gertaera hori salatzeko eta Etxaide oroitzeko urteroko ekitaldia egin dute gaur Zestoan, eta hainbat herritarrek parte hartu dute bertan. Lehenik, Ertxina mendira irteera egingo dute, 09:00etan abiatuta, eta ondoren, 13:00etan, Etxaideren omenezko monolitora joan dira kalejiran, plazatik abiatuta.
Udaltzainek 1993an atxilotu zuten Xabier Kalparsoro Anuk zumaiarra, eta Bilboko polizia-etxe batera eraman zuten. Bertsio ofizialak dio komisariako bigarren pisuko leiho batetik erori zela; bi egun beranduago zendu zen ospitalean.
Gaur eguerdian oroitu dute Anuk Zumaiako labarretan, ohi bezala, lore eskaintza baten bidez. "Egia osoa itzaletik argitara ateratzeko garaia" dela azpimarratu dute ekitaldian, eta "memoria osoa" aldarrikatu dute "alde bakarreko memoriaren eta errelato bakarraren aurrean".
19:30ean, berriz, elkarretaratze bat izan da Zumaiako Magnolioan. Zer egin zenuten Xabirekin? Egia osotara argitara zioen pankartaren ondoan bildu dira dozenaka lagun.
"Zer etorkizun, zer elkarbizitza eraikiko du egiaren zati bat ahanzturara kondenatu nahi duenak? Xabiren kasuak, beste hainbatenak bezala, argitu gabe segitzen du", adierazi du Zumaiako Sortuk.