Hiru proposamen nagusi mahai gainera, Zestoako kultur azpiegitura beharrei erantzuteko

Maialen Etxaniz 2021eko irailaren 23a

Zestoako Udalak deituta, herriko kultur azpiegiturez hausnartzeko batzar irekia egin zuten atzo Alonderoko aretoan. Gaur egun Kultur Etxeko erabiltzaile diren eragileetako kideak eta gaian interesa duten zenbait herritar bertaratu zen bilkurara. Erlojuak 19:00ak jota hasi zen batzarra, eta ia bi orduz aritu ziren solasean. Proposamenak, kezkak eta iritzi desberdinak elkarbanatu zituzten bilkuran, herriko kultur elkarteen eta eragileen beharrak zein udalak dituen baliabideak mahaigaineratuz. "Zer egin Kultur Etxearekin? Zer irtenbide posible daude? Zer da Zestoak behar duena? Zer da nahi duguna? Eraikin berria eginez gero, erabilera ziurtatuta al dago? ". Galdera horiek eta beste hainbat egin zituzten bilkuran, askotariko hausnarketei bide emanez. 

Kultur azpiegituren beharrari irtenbidea emateko alternatiba edo proposamen desberdinak egon daitezkeen arren, hiru dira udaletik mahaigaineratu dituzten aukera posible nagusiak: Kultur Etxea guztiz eraberritzea –eraikinak ondare babestua izateagatik dituen mugak errespetatuz–, Kultur Etxea eraistea eta berria eraikitzea –Udal Gobernuak ez du bideragarri ikusten, ez legez eta ezta ekonomikoki ere– edo Kultur Etxea mantenduz askotariko erabilerak izango dituen beste eraikin edo areto berri bat egitea. Kultur espazioen auzia ez da horretara mugatzen, ordea; izan ere, badaude erabaki horren gainean eragiten duten bestelako faktoreak. Gaur egun Gaztetxea Kultur Etxearen barruan dago, eta Gazte Asanbladak dagoeneko hasi du bere bide propioa, proposamen zehatz bat plazaratuz. Gaztetxea lekuz aldatuko balitz, horrek eragina izango luke egungo Kultur Etxearen espazioaren banaketan.

Jubilatuen Taberna ixtera doa, eta eremu horrekin zer egin ere erabaki beharko dute. Udalaren jabetzakoak diren eraikin publikoen kopuruak, erakundearen egoera ekonomikoak eta etorkizuneko obren ezaugarri tekniko eta ekonomikoek ere badute pisua azken erabakian. Mikel Arregi Zestoako alkateak atzo adierazi zuenez, azken erabakia udalak hartuko du, baina lehenik herritarrei hitza ematea, haien beharrak ezagutzea eta egoeraren azterketa orokorra –epe motzera zein luzera– egitea da helburua. Horretara dator atzo hasitako prozesua.  

Udal jabetzako eraikinak, egoera ekonomikoa eta iritziak

Batzarrari hasiera emateko, gaiaren testuinguraketa labur bat egin zuen herriko alkateak, eta azpimarratu zuen azpiegitura beharrei erantzuteko "hutsunea" egon badagoela herrian, baina ez soilik kultur arloan. 

Arregik, gaur egun udalaren jabetzakoak diren eraikinen eta lurren errepasoa egin zuen, egoeraren argazki orokor bat egin asmoz.   Zubimusun, Estazioko industrialdean, Idiazpi aldean edo herrigunean –Kultur Etxea– ditu udalak, besteak beste, bere jabetzako espazioak. Horiez gain, asko dira proiektu jakin batzuetarako lortzea posible izango litzatekeen jabetza pribatuko lurrak, baina horiek prozesua "zaildu" egiten dutela azaldu zuen alkateak. Dena den, eremu berriak eskuratzeko eta aukera berriak aztertzeko prestutasuna agertu du udalak. 

Aurten, esaterako, Caraban Park zena erosi du. Dena den, erakundea oraindik ez da eremua erabiltzen hasiko. Hala ere, Arregik atzo jakinarazi zuenez, erakundearen asmoa da udal brigadaren biltegia hara mugitzea, ekipamendua gordetzeko leku handiagoa behar dutelako, epe motzera brigadarako eta garbiketarako material berriak –kamioi handiagoak, bestelako makinak...– erosiko dituztelako. Caraban Parkek  560 metro koadro ditu, eta eremu zabala da. Beraz, udalak ez du baztertzen brigadaren biltegiaz aparte, leku horri erabilera desberdinak ematea. 

Herriaren antolaketari eta hiri edo landa lurren erabilera posibleei erreferentzia eginez, udala Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana egiten ari dela gogoratu zuen Arregik. Horrek eragina izan dezake herriko lurren berrantolaketan eta erabileran. Horren harira, gogora ekarri zuen udalak bazuela esku artean aurrera begira alokairu sozialera bideratutako 69 etxebizitza eraikitzeko proiektua, eta horretarako ere udalak beharrezkoak dituela lur eraikigarriak Dena den, alkatearen hitzetan proiektua martxan jartzeko prozesua "zaildu" egin da, eta bere horretan dago gaur egun. 

Udalean dauden bi taldeek –EH Bildu agintean eta EAJ oposizioan– iritzi desberdinak dituzte kultur azpiegiturei erantzuteko aukeren artean. Alkateak azaldu zuenez, EH Bilduk ez du bideragarri ikusten Kultur Etxea guztiz botatzea eta berriro eraikitzea, "ondare izaera duenez legez arazoak ekar ditzakeelako eta ekonomikoki gastu ikaragarria litzatekeelako". Arregiren arabera, horrelako obra batek udalak gaur egun duen gaitasun ekonomikoa aise gaindituko luke. Dena den, gaur egun udalaren zorpetze maila "baxua" dela esan zuen alkateak, eta baduela malgutasun nahikoa zenbait proiektu edo obra aurrera eramateko. 

Eragileen beharrak, iritziak eta adibide posibleak

Atzoko batzarrera hurbildu ziren eragileetako ordezkariek beren proposamenak, zalantzak eta kezkak azaldu zituzten. Antzerki eskolakoek, esaterako, Caravan Parken aukerak mahaigaineratu zituzten; 3Zkoek Jubilatuen Tabernarekin udalak zer egiteko asmoa duen galdetu zuten, besteak beste, hori gabe jubilatuek ez dutelako egoteko espaziorik. Horren harira, jubilatuentzat zentroa irekitzea garrantzitsua dela adierazi zuten, adineko herritarrek jarduerak egin eta aktibo jarraitzeko. Musika Bandakoek, Musika Eskolakoek nahiz Itxaropenakoek beren ekintzetarako leku nahikorik ez zutela azpimarratu zuten, baita AEKren euskaltegikoek ere. Gainera, urte luzez Kultur Etxean mantenu lanik egin ez dela salatu zuten eragileek, eta horren ondorio dela gaur egun kultur etxeak duen egoera "eskasa". 

Erabilera anitzerako gune berri bat eraikitzearen ideiak harrera ona izan zuen, eta luze aritu ziren horrelako espazio batek Zestoan beteko lukeen funtzioez, izan beharko lituzkeen ezaugarriez, izango lukeen erabileraz etbr. Udalak azaldu zuen, gaur egun horrelakoak eraikitzeko baliabide ugari badaudela, jasangarritasunari lotutakoak. Era berean, Euskal Herrian dauden antzeko proiektuak aztertzen eta horien inguruan informatzen aritu dela adierazi zuen alkateak, hala nola Luhuso eta Antzuola. 

Zestoako Gazte Asanbladako kideek, beren aldetik, joan zen larunbatean aurketu zuten proiektuaren inguruko zenbait zertzelada eman zituzten atzokoan. Haiek proposamen zehatza egin dute: Gaztetxea Kultur Etxetik herrigunera mugitzea, hain zuzen, zinema zaharrera eta Elizaren aretora. Gazteen arabera, aukera horrek hainbat abantaila eskainiko dizkio asanbladari nahiz udalari. Gaztetxeko kideek azaldu zutenez, eraikuntza edo berritze kostuak murritzagoak izateko aukera irekiko luke, gazte asanbladakoek auzolanean egingo dituztelako aurreikusitako lan gehienak. Era berean, azpimarratu zuten gunea insonorizatzeko eta egokitzeko plan bat egiten ari direla. Gaur egun, Elizaren –Gotzaindegia– zain daude, Udalarekin eta Zestoako parrokoarekin dagoeneko hitzegin baitute.

Aurrera begira, zer? 

Hori da eragileen kezka nagusia, ez baita gai honen inguruan herrian hausnartzen duten lehen aldia. Dena den, atzokoan jakin zuzen irteera bilatzen. Azaroan edo abenduan beste hitzordu bat jarriko dute udalak eta eragileek. Horren aurretik galdetegi bat pasatuko die udalak taldeei, eta urte bukaerako batzarrean erantzunak elkarbanatuko dituzte, kultur azpiegituren gaineko azken erabakia hartzera bidean beste pauso bat emateko. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide