Eguzkik salatu du Urola ibaira obrako eta industriako hondakinak "legez kanpo" bota dituztela

Maialen Etxaniz 2021eko irailaren 20a

Eguzki talde ekologistak Urola ibaian "legez kanpo" egindako beste isurketa baten berri eman du. Hain zuzen, talde ekologistak salatu du Zestoa eta Iraeta lotzen dituen bidegorri inguruan askotariko obra eta industria hondakinak bota dituztela. Eguzkik jakinarazi duenez, trenbide zaharraren zubitik ikus daitezke hondakinak. Hain zuzen, "tamaina handiko teilape plakak" atzeman ditu talde ekologistak, baita beste material batzuk ere: "Hasiera batean Istripu bat besterik ez dela izan pentsa daiteke, baina aipatutako teilapeetatik 40 bat metrora autoetako alfonbratxoak, neumatikoak, kableak, baldosak, uralitak, obra-hondakinak eta karrozeria zatiak bilatu ditugu, baita ateetarako goma-junturak, paratxokeak, fokuak eta beirateak ere". Hondakin horiek "legez kanpo" bota dituztela azpimarratu du talde ekologistak, eta salatutakoa "nahita egindako erasoa" dela esan du: "Zalantzarik gabe, ibai- sistemari nahita egindako eraso baten aurrean gaude berriro ere".
 
Horren harira, Eguzkik gogora ekarri ditu, besteak beste, joan zen uztailean Sastarrain errekan egin zituzten isurketak, eta azpimarratu du Urola ibaira egindako legez kanpoko isurketak "eguneroko ogia" direla. "Isurketek ez dute zerikusirik garbiketekin; arazo bati lotuta daude, eta horri irtenbidea eman behar zaio", adierazi du ekologista taldeak. Horrenbestez, "arazoari irtenbidea emateko" neurriak har ditzatela eskatu diete Zestoako Udalari, URA agentziari eta Urola Erdiko Mankomunitateari: "Alde batetik, Zestoako Udalari eta Ura agentziari eskatu diegu ingurua lehengoratzeko eta ekintza horien egilea nor den argitzen saiatzeko. Era berean, udalari eskatu diogu salatu eta publiko egin ditzala hondakinen isurketak. Bestetik, udalari, Urari eta Urola Erdiko Mankomunitateari eskatu diegu jarduteko plan bat egin eta abian jar dezatela". Eguzkik azaldu duenez, plan horren xedea da Urola ibaiaren eta erreken jarraipena egitea eta kontrola ziurtatzea, "ibai-sistemetara egiten diren isurketek sortzen dituzten arazoak konpontzeko, eta ingurumenaren aurkako delitu horien egileak identifikatu eta zigortzeko”.
 
Hona hemen Eguzkik aipatutako eremuan ateratako zenbait irudi: 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide