Gaur, igandea, II. Errepublika garaian frankistek indarrez kanporatutako udal ordezkariak omendu dituzte Zestoan. 12:00etan hasi dute duela 85 urte kanporatuak izan ziren zinegotzien aldeko omenaldi ekitaldia. Herritarrek beren botoekin hautatutako II. Errepublikaren aurkako estatu kolpea eman zuten frankistek, 1936ko uztailaren 17 eta 18 artean. Orduan, honakoek osatzen zuten Zestoako azken udalbatza. Alkatea Eugenio Alkorta Tolosa zen. Zinegotziak, berriz, honakoak: Martin Iriondo Aberdi; Biktoriano Olaizola Garate; Modesto Etxeberria Ansola; Bernardo Irureta Peñagarikano; Sebastian Elorza Badiola; Juan Jose Ugarte Unanue; Jose Maria Azpiazu Uranga; Hipolito Uranga Korta; eta Frantzisko Errasti Egiguren. Haien senitartekoek jaso dute gaur Zestoako herriaren omenaldia.
Aitor Salegi zinegotziaren eta bertsolariaren agur batekin eman diote hasiera ekitaldiari; memoriaren aldarrikapena egin du zestoarrak bertsoaren azken puntuan. Ondoren, Ione Zuloaga Aranzadi zientzia elkarteko kideak hartu du hitza. Hain zuzen ere, 2020an Zestoako Udalak eta Aranzadi elkarteak hasi zuten orduko egiak azalerazteko elkarlana, eta gaur lan horri jarraipena emateko elkartu dira Zestoan. Zuloagak eman ditu garai hartan jazotakoaren zenbait azalpen. "Latorre teniente koronela buru zutela sartu ziren tropa frankistak Zestoan, irailaren 21ean. II. Errepublikako alkateak eta zinegotziak indarrez kendu zituzten. Haietako batzuk, ordea, Zestoatik alde eginda zeuden ordurako, beste zenbait herritarrek egin gisan, frankisten errepresioaren beldur. Beste batzuk, aldiz, herrian bertan geratu eta errepresio hura jasan behar izan zuten. Errepresio mota nagusienak Gipuzkoako Ondasunen Batzordeak errekisatutako ondasunak, kartzela, fusilamenduak, kontzentrazio esparruak, langile batailoiak eta gerra kontseiluak izan zen. Frankistek hori egiteko arrazoi bakarra izan zen errepresaliatuen ideologia politikoa. Emakume abertzale eta ezkertiarrek, gainera, aurreko errepresio mota horiek guztiak jasateaz gain, errepresio sexuatua jasan zuten. Emakume izateagatik sufritu behar izan zituzten, besteak beste, ile mozketak eta bortxaketak", azaldu du Ione Zuloagak.
Zestoako Udalak Aranzadi zientzia elkartearekin batera martxan jarritako proiektuak "errepresio horiek guztiak azalareatzea" du helburu. "Zuon etxeotan isiltasunean gorde diren egiak argitara atera, eta justiziarako eta erreparaziorako balio izango duen ikerketa egitea. Horretarako, dokumentazio historikoaren ikerketa eta testigantzen bilketa martxan jarrita dugu eta bertan parte hartzera gonbidapena egiten dizuegu".
Garikoitz Mendizabal EAJko zinegotziak hitzegin du segidan. Hark azaldu du 1936an estatu kolpea egin zuten "konspiratzaileak" ahalegindu zirela EAJko kideak bereganatzen. "Seguraski pentsatzen zuten gure alderdiak zeuzkan fedea eta kristautasuna nahikoa izango zirela, gutxienez, modu neutral batean beren postura mantentzeko. Noski, alferrik izan zen". Era berean, justizia eta erreparazioa eskatu ditu Mendizabalek. "Erreparazioa eta justizia beharrezkoak dira. Oraindik asko dago egiteko, baita bizikidetzan ere, gero pasatu diren hainbat kontu oraindik argitu eta aitortu gabe daudelako. Herri honek merezi duen errelatoa behar du".
Mikel Arregi Zestoako alkatearen tartea izan da azkena. "85 urte bete dira herritarrek demokratikoki hautatuko udal ordezkari haiek indarrez kanporatuak izan zirenetik. Gure belaunaldiak gauzak asko jakin ditu; esaterako, Gernikan [Bizkaia] zer gertatu zen bagenekien, II. Mundu Gerraren ondoren Alemanian zer gertatu zen ere bai, baina gure herrietan zer gertatu zen ez dugu jakin, eta oraindik ere ez dakigu", azaldu du alkateak. Orduko udal ordezkariek ihes nola egin behar izan zuten orain arte ez dela jakin azpimarratu nahi izan du Arregik. "Hori guztia ez dugu jakin, ez zaigu esan, ez zaigu irakatsi eta ez dugu ikasi. Ahaztu egin nahi izan da hau guztia. Gainera, batzuk gaur ari zaizkigu esaten, garai hartako gauzak jakitea ez dela ona, hobe dela ez ikertzea eta aztertzea, nonbait horrek zauriak ireki omen litzakeelako". Alkateak "bestelakoa" pentsatzen dutela adierazi du. "Nola egongo dira zauri horiek itxita oraindik, Euskal Herrian eta estatu osoan beren familiek ere gorpuak non dauden ez dakitenean? Zauri horiek ixteko modurik onena da gaur egungo belaunaldiek eta ondorengoek gure herrietan zer gertatu zen jakitea. Gure aurrekoei eta gure ondorengoei zor diegu memoria historikoa".
Maila gizatiarretik harago, Arregik "maila politikoa" ere nabarmendu nahi izan du. "Euskaldun bezala ezin dugu ahaztu gure eskubideak ditugula, eta udaletxe honetan ere badaude hainbat gauza oso adierazgarriak direnak eta berriki jakin ditugunak. Euskal Herriko beste udal askok bezala, Zestoako Udalak Errepublika garaian Madrilgo Gobernuari jakinarazi zion Euskal Errepulikaren beharra; herri txikia izanagatik herri izateko eskubidea daukagu. Duela 85 urte ere autodeterminazio eskubidea eta euskaldunok herri izateko eskubidea mahai gainean zegoen. Gure aurrekoek ere bazituzten kezka horiek".
Alkatearen hitzen ondoren, udal ordezkari haien senitartekoek plaka bana jaso dute egungo udal ordezkarien eskuetatik, eta segidan, Esteban Urkiaga Lauaxeta zenaren esaldi bat dioen plaka bat aurkeztu dute Eugenio Alkorta Tolosa orduko alkatearen bi semek. Honela dio plakak: "Aberri baten saminez, urduri dabil herria". Taldeko argazkia atera ondoren, gaurko ekitaldiari amaiera emateko luntxa egin dute guztiek elkarrekin, udaletxe azpian.