Gaizka Etxanizek eta 'Ira' txakurrak irabazi dute Gipuzkoako Arraza Libreko XXII. Artzain Txakur Txapelketan

Andoni Elduaien 2021eko irailaren 19a

Peio Segurola matxinbentarra sailkatu zen bigarren eta Manuel Gorriti aizarnazabaldarra hirugarren. Hiru artzainek, gainera, Euskal Herriko txapelketa jokatzeko sailkapena lortu zuten atzo.

Gaizka Etxanizek eta Ira txakurrak Gipuzkoako Arraza Libreko XXII. Artzain Txakur Txapelketa irabazi zuten atzo, larunbata, Zestoan (Gipuzkoa). 302 puntu batu zituzten artzain azkoitiarrak eta txakurrak, hain zuzen ere, bigarren sailkatu zen Peio Segurola matxinbentarrak nahiz hirugarren sailkatu zen Manuel Gorriti aizarnazabaldarrak baino lau puntu gehiago. Segurolak, ordea, Gorritik baino denbora gutxiago behar izan zuen bi lanak amaitzeko. 

Bi proba egin behar izan zituzten txapelketan parte hartu zuten sei artzainek. Lehen ariketa puntuagarrian, bi seinaleren artetik igaro behar izan zuten txakurrek, eta zelaiari itzulia emanda, artaldearen bila joan. Ardiak hesi batetik pasatu ostean, horiek artzainaren aurrean zegoen gunera eraman behar izan zituzten lehenik, eta segidan, epaileek agindutako hesietatik pasarazi, ezkerrekotik edo eskuinekotik. Artzain bakoitzak zazpi minutu izan zituen lanak egiteko.

Bigarren ariketan, belardia inguratu aurretik seinaleztatutako bidea egin behar izan zuten txakurrek, eta epaileek txilibitua jotakoan txakurrek lurrean etzan behar izan zuten. Artaldearen bila joandakoan, haiek itxitura borobilera bideratu behar izan zituzten, han sartzeko lehenik eta handik ateratzeko gero. Lan horiek egiteko ere parte hartzaile bakoitzak zazpi minutuko denbora izan zuen.

Atzoko txapelketak, halaber, izan zuen bestelako pizgarri bat; izan ere, Zestoako lehen hiru sailkatuek urriaren 2an Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) jokatuko den Euskal Herriko txapelketara sailkatzea lortu zuten.

Honela gelditu zen sailkapena, Zestoan:

1- Gaizka Etxaniz: 302 puntu (Ira txakurra)

2- Peio Segurola: 298 puntu (Argi txakurra)

3- Manuel Gorriti: 298 puntu (Indo txakurra)

4- Mikel Aizpurua: 287 puntu (Argi txakurra)

5- Inaxio Etxeberria (Mixx txakurra)

6- Javier Gaztañaga (Artzai txakurra)

7- Javier Gaztañaga (Yita txakurra)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide