Iritsi da Zestoako kultur azpiegiturez hausnartzeko garaia. Horrela jakinarazi du Zestoako Udalak. Herriko zenbait kultur eragilek eta norbanakok aspaldi mahaigaineratu zuten gaur egungo kultur azpiegiturek ez dietela haien beharrei behar bezala erantzuten. Egoeraren eta herritarren premiei erantzuteko zailtasunez jakitun, herriguneko kultur azpiegiturez hausnartzeko bilera irekia deitu du Zestoako Udalak hilaren 22rako.
"Egoera eskasa"
"1993an Zestoako Kultur Etxea ireki zenetik, gizartea izugarri aldatu da, eta kultur jarduerak eta herriko kultur eragileen beharrak ere bai. 28 urte horietan, moldaketa batzuk eginez, nola edo hala erantzun zaie aldaketa eta behar horiei, baina uste dugu une honetako egoera oso eskasa dela", adierazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak. Gaur egungo egoeraren eta gabezien adibideak eman ditu Arregik, Musika Eskolaren, Gazte Asanbladaren edo Euskaltegiaren egoeraren berri emanez, besteak beste: "Kultur Etxeari dagokionez, Musika Eskola zein Udal Musika Banda oso baldintza kaskarretan dabiltza lanean; Gazte Asanbladak ezinezkoa du hainbat jarduera, hala nola kontzertuak eta beste hainbat egitasmo gaur egun daukan lokalean egitea behar den segurtasunez; jubilatuen tabernaren izaera ere nahiko kolokan dago; Euskaltegiak ez du, inondik inora ere, baldintza egokirik irakaskuntzarako; Kultur Etxearen zati handi bat oraindik ikastetxeak dauka bereganatuta; Itxaropena Dantza taldeak ez du leku duinik...". Horiez gain "askoz gehiago ere" badaudela azpimarratu du alkateak.
Era berean, zenbait elkarte edo talde geldirik ez daudela jakinarazi du Arregik, eta "premiazko beharra" azaldu dutela esan du: "Esaterako, Gazte Asanblada beste irtenbide batzuen bila hasita da dagoeneko. Hainbat ikuskizunetarako eta entsegutarako –musika, antzerkia...– ez dago azpiegitura egokirik behar den bezalako antzezleku eta aforoarekin eta hainbat elkartek premiazko beharra azaldu dute". Behar horiei lotuta, Gazte Asanbladak bere proiektuaren eta asmoen berri emateko agerraldia deitu du larunbaterako. 12:00etan elkartuko dira herriko plazan.
Zestoarren beharrak ikusita,"gaiari adarretatik heltzeko eta herriak behar dituen kultur azpiegituren inguruan behar den bezalako hausnarketa egiteko unea" iritsi dela adierazi du Arregik. Hori dela-eta deitu dute hilaren 22rako batzar irekia. Alonderoko aretoan egingo dute bilkura, 19:00etan hasita. Udalak elkarteetako kideak eta iritzia eman nahiko lukeen herritar oro gonbidatu ditu hausnarketa saiora. "Bilera ireki horretan, gaiari buruzko aurkezpen orokorra egingo dugu, eta, ondoren, eztabaida orokor labur bat. Ondorengo beste bilera batean gaia sakontzen hasiko gara eta ondorioak ateratzen", aurreratu du Zestoako alkateak.