Bizitza plataforma Plazaz plaza topaketa egiten ari da Zestoan

Nerea Uranga 2021eko irailaren 11

'COVIDari beste begirada bat' izenburu hartuta, Bizitza plataforma egun osoko topaketa egiten ari da Zestoan. Topaketako harrera ekitaldia hamaiketan egin dute plazan, eta ehun lagun inguruk parte hartu du bertan. Hitzaldiak, bertsoak eta musika izango dituzte topaketaren barruan.

Bizitza plataformaren Plazaz Plaza egitasmoaren barruan, COVIDari beste begirada bat izenburu hartuta egun guztiko topaketa egiten ari dira Zestoan. Goizeko hamaiketan Laranjadi plazan egin dute ongietorri ekitaldia, eta bertan ehun lagun inguru bildu dira. Musika eta txalaparta doinuekin hasi dute harrera ekitaldia. COVID-19aren gainean, "hedabideetatik eta politikoen aldetik helarazten den iritzi bakarreko oihartzun" horren aurrean, "bestelako informazio bat helaraztea" da Bizitza plataformaren asmoa. Horixe azaldu du, ekitaldiaren hasieran plataformako kide Idoia Larrañaga zestoarrak: "Alderdi bakar batetik oihartzun batean etorri zaigu iritzi bat, eta horrek erabat mugatu ditu gure giza eskubideak. Herritarrek iritzi publiko bat jaso dute gertatzen denaren inguruan, eta bestelako postura edota iritziak gutxi entzun dira. Egoera horren aurrean, gure asmoa da beste informazio bat ematea jendeak aukera izan dezan hausnartzeko eta erabakitzeko. Izan ere, erabakitzeko ikuspuntu desberdinak eduki behar dira. Pertsonok pentsatzeko gaitasuna daukagu, eta erabili dezagun izaera kritiko hori".

Gaurko topaketa Zestoan festak ospatuko ziren garaietan egiteko erabakiaren inguruan ere aritu da Larrañaga gaurko hitzartzean. "'Topaketa zergatik festetan?' galdetu digute. Festak elkartasun kultural eta sozial baten sinbolo dira; festetan, adin eta ideologia desberdineko herritarrak kaleratu eta ospatu egiten dituzte. Festetan arima arindu egiten da. Elkartze sozial horretan kultur identitate bat dago, desberdintasunak desberdintasun zerbaitek elkartzen gaitu. Inoiz ezagutu izan den enfrentamentu globalista handiena gertatzen ari den honetan, ordea, kalean kultur espresioak debekatu egin dituzte". Bizitza plataformak aditzera eman nahi duena ez dela "hiru txoribururen kontua" esan du Larrañagak: "Mundu mailan mobilizazio ikaragarriak egiten ari dira; esaterako, Parisen eta Bruselan gaur bertan. Euskal Herrian bi manifestazio egin ditugu: Gasteizen hiru mila pertsona bildu ginen eta Donostian bost milatik gora. Hurrengo hitzordua irailaren 25ean dugu jarrita Iruñean".

Zestoan Bizitza plataforma egiten ari den topaketak Zestoako Udalaren baimenik ez izanaren inguruan ere hitz egin du Larrañagak: "Herrian badakigu zurrumurru handia egon dela topaketak baimenik ez zuela eta. Garbi adierazi nahi dut, baina, informazio bat helarazteko mobilizazio sozial bat egiteko, ez dela herriaren baimenik behar. Ertzaintzari jakinarazi diogu mobilizazio sozial bat egitera goazela, ordutegi jakin batekin eta oinarrizko elementu batzuekin, eta horretarako udalaren baimenik ez da behar. Beraz, denon errespeturako, ongizaterako, eman diezaiogun aukera beste ikuspuntu batzuei, aska ditzagun kateamenduak eta aurrera egin".

Bizitza plataformako kideek hitz egin ostean, Nekane Jurado ekonomilariak eta Elena Egiguren abokatuak hartu dute hitza, eta haien solasaldia izan da. Arratsaldera bitartean, bertsolariak eta bazkaltzeko bilkura Lau Iturrin izan dituzte. Bazkalondoan, Juanjo Martinez medikuaren eta Jon Ander Etxeberria biologoaren solasaldiak egingo dituzte frontoian, eta gero musika emanaldia. Zestoako Udalak plazan antolatuta duen Manitu eta Belako musika taldeen kontzertuarekin bat ez egiteko, topaketako ekitaldi denak 20:00etarako bukatuko dituztela iragarri dute Bizitza plataformakoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide