Asteburu honetako ekitaldietan ere aldaketak iragarri ditu Zestoako Udalak

Anartz Izagirre 2021eko irailaren 8a

Bizitza plataformak larunbaterako iragarrita zuen egun osoko ekitaldia ez baimentzea erabaki du erakundeak, eta bestetik, Manitu eta Belako taldeen kontzertuak 20:00etara aurreratu dituzte. Horrez gain, zestoarrak ez direnei herrira ez bertaratzeko deia egin die, eta herriko sarreretan zein autobus geltokian kontrolak ezarriko dituzte.

Zestoako Udalak, bigarren astez jarraian, hainbat aldaketa eta neurri iragarri ditu asteburuan Zestoan izango diren ekitaldietan. Alde batetik, Bizitza plataformak larunbaterako, irailak 11, egun osorako egitaraua iragarri zuen sare sozialetan, baina udal erakundeak ekitaldi hori ez baimentzea erabaki du "indarrean dagoen araudian eta espazio publikoen erabilerak eskatzen dituen baldintzetan oinarrituta". Antolatzaileei dagoeneko erabaki horren berri eman dietela jakinarazi du udalak.

Bestetik, Manitu eta Belako musika taldeek larunbatean eman behar duten kontzertuen ordutegia aurreratu egin dute; 22:00etan igo behar zuten talde horiek agertokira, baina 20:00etara aurreratu dituzte kontzertuak. Horren harira, udalak nabarmendu du sarrera guztiak salduta daudela dagoeneko eta egindako aldaketen ondorioz sarrera erosi dutenei eta kontzertura joan ezin direnei dirua itzuliko dietela; dirua itzultzeko epea ostiralean, hilak 10, amaituko da, 12:00etan. Kontzertuetan "osasun eta segurtasun neurri guztiak" bete beharko direla ere azpimarratu dute.

Horrez gain, larunbatean "kanpotik etor daitekeen jende uholdea saihesteko", herriko sarreretan eta autobus geltokian Ertzaintzaren kontrolak ezarriko ditu udalak, eta zestoarrak ez direnei Zestoara ez joateko eskaera egin die erakundeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide