Bizitza plataformaren Plazaz Plaza egitasmoaren barruan, COVIDari beste begirada bat izenburupean, topaketa bat antolatu dute hilaren 11rako Zestoan. Hain zuzen ere, "giza eskubideen alde dauden euskaldunen topaketa" izango dela zehaztu dute antolatzaileek, herritarrei parte hartzera dei eginez kaleratu duten bideoan. Egun guztirako egitaraua dagoeneko zehaztuta, hizlari onak eta hitzaldi interesgarriak espero dituztela ziurtatu dute, eta horiez gain, bestelako jarduerak ere izango direla; bertso saioa eta musika, esaterako.
Topaketa Zestoan egiteko erabakia herriaren kokapenagatik hartu dutela azaldu dute, Bilbotik, Gasteiztik, Iruñetik zein Baionatik ordubete inguruan irits daitekeelako. "Iraila hasiera honetan indarrak batzea beharko dugu. Izan ere, abuztuan lasaitasun itxurako egoera egon den arren, laster hasiko dira mugimenduak, eta berriz topa egitea ondo etorriko zaigu" esan dute. Zestoan egingo duten topaketarekin lortu nahi dutenez ere mintzatu dira antolatzaileak: "Plazaz Plazaren ildoan, egun argiz, jendearen eskura jartzea informazioa, edonoren ekarpenetara irekita".
Egitaraua
- 11:00etan, ongi etorri ekitaldia Laranjadi plazan.
- 11:30ean, Nekane Jurado ekonomialariak eta Elena Egiguren abokatuak hitzaldia eskainiko dute.
- 13:00etan, Mikel Altzuart eta Xabier Silveirak bertso saioa eskainiko dute.
- Jarraian, bazkaltzeko geldialditxoa egingo dute Lau Iturrin, eta solasaldirako unea ere izango da han.
- 18:00etan, Juanjo Martinez medikua eta Jon Ander Etxeberria biologoaren solasaldia izango da frontoian.
- 19:30ean, musikarekin emango diote amaiera egunari.