Herri kirolen erakusleiho bihurtuko da datozen asteetan Azpeitiko zezen plaza. Aurreko hiru urteetan bezala, bertan jokatuko durte aurten ere banakako Euskal Pentatloi Saria, eta gaur aurkeztu dituzte antolatzaileek laugarren edizioaren xehetasunak, zezen plazan bertan.
Hasteko, jakina da txapeldun berria izango duela pentatloiaren gizonen lehiak. Izan ere, aurreko hiru aldietan irabazi duen Xabier Zalduak ez du parte hartuko laugarrengoan. Hamasei kirolari lehiatuko dira Zalduaren lekukoa nork beteko: Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousman Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III.a, Gorka Etxeberria, Julen Gabirondo, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Aratz Mugertza eta Jon Gisasola Zelai V.a. Mikel Agirrek ere emana zuen izena, baina azkenean ezingo du parte hartu. Bestetik, aurten lehen aldiz, emakumeen txapela ere banatuko du Euskal Pentatloiak: Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe dira emakumeen lehen txapelaren bila ariko direnak.
Bi kanporaketa eta finala
Emakumeen lehia finalaren egunera mugatuko da, irailaren 25era, alegia. Egun horretan, 22:00etan hasiko da herri kirolen ikuskizuna Azpeitiko zezen plazan. Gizonei dagokienez, ordea, sei kirolari besterik ez dira lehiatuko finalean, eta horien izenak erabakitzeko kanporaketak egingo dituzte lehendabizi. Aurreko urteetan kanporaketa bakarra izan bada, aurten bi izango dira, biak 18:00etan hasita, lehendabizikoa larunbat honetan eta bestea hilaren 11n.
Iazko edizioan "zortzigarren postutik atzera gelditu zirenak eta aurten izena eman duten berriak" lehiatuko dira larinbat honetan lehen kanporaketan; Joseba Otaegi, Amade, Drame, España, Irazabal, Ardeo, Goenatxo III.a eta Etxeberria dira horiek. Zortzikote horretatik lau denbora onenak egiten dituztenek lortuko dute bigarren kanporaketan aritzeko txartela. Han, hilaren 11an, Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Kañamares, Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Mugertza eta Zelai V.a izango dituzte zain; bigarren kanporaketan lehiatuko diren hamabi kirolariek hilaren 25eko finaleko sei postuak izango dituzte jokoan.
IV. Euskal Pentatloiaren hiru jardunaldietan lan neurri desberdinak izango dira. Horrela, lehen kanporaketan harriari zortzi jasoaldi egin beharko dizkiote, giza proban plaza bat osatu, aizkoran kanaerdiko bat ebaki, txingekin hiru plaza egin, eta korrrika kilometro bat, zezen plazari hamar itzuli emanez. Bigarren kanporaketan, giza proban, txingekin eta korrika lehen kanporaketako lan berberak izango dituzte kirolariek, baina harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta aizkoran bi enbor moztu, kanaerdikoa bata eta 45 ontzakoa bestea. Finalera iristen direnek izango dituzte aurrean lanik gogorrenak: harria 25 aldiz jaso beharko dute, giza proban bi plaza osatu, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza osatu, eta korrika plazari 30 itzuli eman. Emakumeen finalean, berriz, harria hamabost aldiz jaso beharko dute, giza proban plaza bat bete, aizkoran 45 ontzako bi enbor moztu, txingekin lau plaza egin, eta korrika plazari hamabost itzuli eman.
Sarrerak aurrez jarri dituzte salgai, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan. Pandemiaren aurkako neurriak direla eta, ikusleek iazko protokolo bera jarraitu beharko dutela zehaztu dute antolatzaileek: sarreran datuak hartuko dizkiete, musukoak jantzita egon beharko dira, eta aforo mugak zorrotz betetzeko erabil daitezkeen eserlekuak markatuta jarrituko dituzte harmailetan.
Eskualdekoak, prest
Gizonen banakako IV. Euskal Pentatloian izena eman duten hamasei kirolarietatik sei eskualdekoak dira. Goenatxo eta Etxeberria etziko kanporaketan lehiatuko dira, eta Peñagarikano, Jagoba Otaegi eta Izeta VI.a bigarrengoan. Hauek dira seiron hitzak, pentatloiari ekin aurreko beren sentsazioez eta.
Kepa Peñagarikano: "Gogor ari naiz entrenatzen, baina aspaldi honetan gaizki nabil aizkoran"
Bigarren aldiz jokatuko du aurten Kepa Peñagarikanok (Azpeitia, 1981) Euskal Pentatloi Saria, eta aizkorako probarekin arduratuta dagoela adierazi du. Bigarren kanporaketan lehiatuko da azpeitiarra, eta bitarte horretan "gogor" entrenatzen jarraituko duela azpimarratu du:
"Kristoren itxaropenik ere ez dut aurtengo pentatloirako. Gogor ari naiz entrenatzen, baina aspaldi honetan gaizki nabil aizkoran, eta arduratuta nago proba horrekin; gainera, aizkora da pentatloian denbora markatzeko ariketa gakoa. Ekainean hasi zen Binakako Pentatloi Saria, eta orduan ere ez nintzen ondo aritu aizkorarekin; ordutik, hobekuntzarik ez dudala egin iruditzen zait.
Gainontzeko probak dominatuta ditut, eta ondo moldatzen naiz horietan; beti izan da nire ahulgunea aizkora, eta horrek konfiantza falta eragiten dit. Hasiera-hasieratik harriarekin moldatu izan naiz ondoen, eta txingetan ere ondo aritzen naiz; korrikakoa, berriz, azken proba izan ohi denez, pentatloiaren amaierara nola iristen zaren da gakoa, eta askotan sufritu egin behar izaten da lasterka.
Aurten, Xabier Zaldua eta Xabier Orbegozo Arria V.a falta dira pentatloian, baina Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a sailkatu da, eta indartsu dator. Bestalde, Joseba Otaegi ere egongo da aurten, eta hark bigarren egin zuen duela bi urte. Bi horiek eta Gabirondo aurkari gogorrak izango dira. Kezkatuta nago, baina ea emaitza ona lortzeko aukera dudan".
Jagoba Otaegi: "Banakako txapelketa gogorragoa eta prestatzeko zailagoa da"
Hirugarren aldiz jokatuko du Jagoba Otaegik (Aizarna, Zestoa, 1993) banakako Euskal Pentatloi Saria. Binakako txapelketaren ondoren heldu zion banakakoa prestatzeari; bigarren kanporaketan ariko da lehian. Urtetik urtera txapelketan gero eta maila hobea dagoela uste du aizarnarrak:
"Binakako pentatloia prestatzen hasi ginen aurrena, hura jokatu ondoren pixkanaka-pixkanaka banakoari heldu genion, eta horretan ari gara, ea eguna ailegatzen denean nola irteten den.
Aurtengoa nire hirugarren aldia izango da banakako pentatloian. Maila oso ona dagoela iruditzen zait, urtetik urtera hobea. Nire helburua finalean sartzea litzateke, zaila ikusten dudan arren. Hala ere, horretan saiatuko gara eta ea lortzen dugun sei onenen artean sartzea.
Binakakoan eta banakakoan lan berak izaten dira, baina banakakoan dena norberak egin behar izaten du eta ez da atseden hartzeko tarterik izaten; horregatik da gogorragoa, eta prestatzeko zailagoa.
Harri jasotzailea naiz ni eta proba horretan moldatzen naiz ondoen; pentatloiko aurreneko lana ere bada harri jasotzea eta ondo ibiltzen naiz horretan, arazorik gabe. Aldiz, aizkoran moldatzen naiz gaizkien, eta proba horretan denbora asko galtzeko arriskua egoten da.
Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Julen Gabirondo ikusten ditut nik txapela irabazteko eta Zalduaren tokia hartzeko faborito".
Jon Unanue Goenatxo III.a: "Aizkorari diot beldurrik handiena; denbora asko gal daiteke"
Jon Unanue Goenatxo III.ak (Azkoitia, 1992) lehendabiziko aldiz parte hartuko du Euskal Pentatloi Sarian. Hori dela eta, final handira iritsi nahi badu, gogor lan egin beharko du: bi kanporaketak jokatu eta gainditu beharko ditu; horixe parte hartzaile berriei jarri dieten baldintza.
Azkoitiarrak aitortu du ez zeukala aurtengora aurkezteko asmorik: "Binakakoa egitea besterik ez nuen pentsatzen, baina hura bukatuta, izena emateko esaten hasi zitzaizkidan ingurukoak, eta haiek bultzatuta, animatu egin naiz. Ahalik eta ondoen prestatzen saiatu naiz, baina denbora gehiegirik ere ez dut izan. Binakakoa bukatutakoan jarri nintzen honetara; beraz, hilabete eta erdi inguruan-edo jardun dut. Nire ustez, binakakorako eta banakakorako prestakuntzak ez dute zer ikustekorik. Binakakoan serieak izaten dira, tartean atseden pixka bat hartzeko astiarekin; banakakoan, berriz, segi eta segi egin beharra dago.
Bost diziplinetatik aizkorak ematen dit beldurrik handiena, denbora asko gal daitekeelako. Harri jasotzen topera ibilita ere ezin da kristoren alderik atera; aizkoran ondo ibiltzen denak, ordea, zulo handia egin dezake.
Lan txukuna egin nahi nuke, eta noski, gustatuko litzaidake finalera iristea, baina badakit ez dela izango erraza. Bi kanporaketa jokatuko diren lehendabiziko aldia da, eta gutxi gorabeherako denbora erreferentziarik ez dugu. Beraz, ahal duguna egingo dugu, eta ea egun ona izaten dugun".
Gorka Etxeberria: "Lan txukun bat egiteko gai naizela erakutsi nahi dut kanporaketan"
Banakako Euskal Pentatloi Sarian parte hartuko duen aurreneko aldia izango du Gorka Etxeberriak (Ortzaika, Orio, 1995); larunbateko kanporaketan ariko da. Binakakoa, ordea, jokatu zuen Kepa Peñagarikano bikotekide zuela; finalera sailkatu ziren, gainera. Banakakoa jokatzeko asmorik ez zuen Ortzaikakoak, baina final hartan baino lan hobea egiteko gai dela erakutsi nahi du. Larunbateko kanporaketara nahiko sasoiko iritsiko dela uste du:
"Pentatloirako ondo ari naiz prestatzen. Tartean, Zarauzko Bi Harri eta Igeldoko Harria txapelketak izan ditugu, eta bietan maila ona eman dut. Bitarte horretan, aizkora pixka bat alde batera utzita izan dut, baina kanporaketa aurretik hiru aste eduki ditugu prestatzeko eta entrenatzeko, eta nahiko ondo iritsiko naiz.
Pentatloian harri jasotzeko proban ibiliko naiz ondoen; izan ere, diziplina hori praktikatzen bost urte daramatzat. Aizkoran galduko dut denbora, eta alde hori beste diziplinetan berreskuratzea zaila da; harri jasotze proba gehienez minutu batekoa izaten da, eta aizkoran bost bat minutura joango gara. Lan txukun bat egitea da nire helburua. Binakako finalean ez genuen egun ona izan, eta orduko arantza hura kentzeko erabaki dut banakakoan parte hartzea; lan txukun bat egiteko gai naizela erakusteko, alegia.
Pentatloia irabazteko hautagai gisa Otaegi, Gabirondo eta Izeta VI.a ikusten ditut. Sasoiko daude hirurak".
Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: "Aurreko astean Gabirondori irabazteak motibatu egin nau"
Euskal Pentatloi Sarian parte hartuko duen hirugarren aldia du oraingoa Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak (Aia, 1993). Ekainean, Binakako Euskal Pentatloiko txapela irabazi zuen Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.arekin batera. Joan den astean, berriz, Hendaian (Lapurdi) jokatutako pentatloi txapelketan garaile izan zen; Julen Gabirondori hiru minutuko aldea aterata. Iaztik "ez da gelditu" ere egin, eta "ondo" prestatzen ari dela dio Izeta VI.ak. Bigarrengo kanporaketan ariko da.
Prestaketa aurten inoiz baino gogorragoa egiten ari zaiola aitortu du: "Luzea bai behintzat. Iaz, irailean, banakako finaletik kanpo gelditu nintzen, eta pena hori dut. Aurten, ordea, finalean sartzeko esperantzarekin nago.
Aurreko astean Gabirondoren kontra txapelketa irabazi izanak Euskal Pentatloi Sarirako entrenatzen jarraitzeko motibazio handia eman dit.
Jokatuko ditugun bost diziplinetatik ondoen aurreneko bietan ikusten dut nire burua, harriekin; alegia, harri jasotzen eta giza proban. Okerren, aldiz, korrikan moldatuko naizela esango nuke, aizkoran ere pixka bat hobera egin dugu eta. Korrikako probarako pixka bat nekatuta ere egoten gara.
Txapelketa irabazteko faboritoen artean Gabirondo ikusten dut. Joan den asteko txapelketako finala ere haren kontra jokatu nuen, eta ikusi nuen indartsu eta ondo dagoela. Gabirondoz gainera, Joseba Otaegik ere aurten gerra pixka bat emango duela uste dut".