COVID-19ak eragindako osasun larrialdia dela eta, bigarren urtez jarraian herriko festa nagusiak zein auzoetakoak bertan behera utzi dituzte Zestoan. Horren truke, Zestoan udan zer? egitaraua prestatu dute udalak eta herriko eragileek elkarlanean. Joan den uztail erdi aldetik hil honen bukaera aldera arte, askotariko ekitaldiak izan dituzte eta izango dituzte aukeran zestoarrek, herrigunean zein auzoetan. "Segurtasun neurri guztiak beteaz" ari dira egiten ekitaldi horiek, udalak nabarmendu duenez, baina neurri horiek areagotzea erabaki du erakundeak datorren astebururako. Horren arrazoia, joan den larunbat gauean gertatutako jende pilaketek udal arduradunen artean sortutako kezka da.
Udalak ohar bidez azaldu duenez, "iragan larunbateko kontzertuan [Bulego eta Nogen taldeek emandakoa] aipatu neurriak bete baziren ere, tamalez kalean jende pilaketa eta anabasa handia izan zen. Garai errazak ez diren arren, gertatua onartezina bezain kezkagarria da, eta herritarren osasunean, ostalaritza zein kultur jardueretan eragin kaltegarria izan dezake". Iaz garai beretsuan, Zestoako udako jaiak ospatu ohi diren daten bueltan antolatutako ekitaldietan "larunbateko irudi tamalgarririk ikusteko zoritxarrik ez genuen izan", dio udalak; joan den asteburuan "kanpotik etorritako ustekabeko jende uholdea" izan zutela nabarmendu du. Eta Zestoan udan zer? egitarauaren barruan datozen hitzorduak bertan behera utzitako jaien egunetan izango direla kontuan hartuta, neurri gehigarriak hartzea erabaki du udalak. Horrela, Zea Mays taldeak plazan emango duen kontzertua 22:00etan hasi beharrean 20:00etan hasiko da, eta tabernek 22:00etan itxiko dituzte ateak; bi neurri horiek musika taldearekin zein ostalariekin adostuta hartu dituztela azaldu du udalak. Horrez gain, datorren larunbat gauari begira, "zestoarrak ez direnei ez bertaratzeko deia" egin die udalak. Zea Maysen kontzerturako sarrera guztiak agortuta daudela gogoratu du udalak, eta ordu aldaketaren ondorioz emanaldira bertaratu ezin direnei sarreraren dirua itzuliko zaiela aurreratu du erakundeak.
Bestetik, kaleko edana "bereziki debekatuta dagoela gogorarazi" nahi izan du Zestoako Udalak, eta horrelakoetan parte hartzen dutenei "debekuaren isunaz gain, ingurumenaren aurkako delitua ere leporatu ahal izango zaiela ohartarazi" du.
"Aurreko asteburuan gertatua ezin da errepikatu", dio udalak gaur plazaratu duen oharrean. "Denon esku dago arduraz jokatzea eta ahal den neurrian arriskua ekidin eta ostalaritza zein kultur eta musika sortzaileei kalterik ez eragitea", gaineratu du, herriko ostalariei, bizilagunei eta musikariei "eskerrak" emanez eta "herriko jaiak elkarrekin disfrutatzeko garaiak zain izango ditugula sinistuta".