'Soinu magikoak' emanaldia izango da ostiralean Zestoako parrokian

Anartz Izagirre 2021eko abuztuaren 31

Zestoako emanaldirako hitzak eta musika uztartu dituzte. Toti Martinez de Lezearen hitzak izango dira, eta hainbat musikari izango dira agertokian; esaterako, Alberto Urretxo, Adriana Grigoras, Garikoitz Mendizabal eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa.

Udan zer Zestoan? egitarauko ekitaldiak amaitzen ari dira, eta azken kontzertuetako bat ostiralean, hilak 3, izango da, Zestoako parrokian, 20:00etan hasita. Soinuaren bidaia proiektuaren barruko Soinu magikoak ekitaldia izango da, eta Zestoako emanaldirako hitzak eta musika uztartuko dituzte. Alde batetik, Toti Martinez de Lezea idazleak hitzak eskainiko ditu, eta euskal mitologiaren inguruan arituko da; eguzkiloreak, sorginak, jainkosak, iratxoak eta herensugeak izango ditu hizpide. Eta bestetik, hainbat musikari izango dira agertokian: Alberto Urretxo (tronboia) eta Adriana Grigoras (biola), Bilboko Orkestra Sinfonikoko kideak, Amaia Zipitria (pianoa) Musikeneko irakaslea eta Garikoitz Mendizabal (txistua) zestoarra. Emanaldi horretan Zestoarekin lotura duten hainbat doinu eskainiko dira; besteak beste, Zestoan lasai-lasai eta Atta eta ama abestiak.

Soinuaren bidaia Alberto Urretxo tronboi-jotzaileak gidatzen duen ekimena da, eta euskal kulturaren alor desberdinak elkartu eta zerbait berezia eskaintzea du xede, beti ere, kalitatez eta musikaren bidez zerbait transmititzeko asmoz.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide