Zestoako Errota industrialdean Urola ibaira ur kutsagarriak isuri dituztela salatu du Eguzkik

Maialen Etxaniz 2021eko abuztuaren 6a

Eguzki talde ekologistak salatu du abuztuaren 1ean Urola ibaira ur kutsagarriak isuri zituztela, eta azpimarratu du ez dela lehen aldia.

Eguzki talde ekologistak salatu du Urola ibaira ur kutsagarriak isuri dituztela berriro, Zestoako Errota industrialdean. Hain zuzen, Eguzkik zehaztu du eustehormako hodietako batetik isuri dituztela ur kutsagarriak Urola ibaira, abuztuaren 1ean.

Talde ekologistak gogoratu du ez dela eremu horretan halako isurketak gertatzen diren lehen aldia: "Gogora ekarri behar da 2020ko abuztuaren 12an Eguzki taldeko kideetako batek leku beretik isurtzen zuen orban zurixka bera ikusi zuela, eta URA agentzian salatu zituela gertakariak. Ikuskatzaile bat bertara joan zen isuriaren laginak hartzera". Eguzkik azaldu duenez, oraingoan herritar batek eman dio talde ekologistari Urola ibaian izandako isurketaren berri, eta eragileak eskerrak eman nahi izan dizkio pertsona horri. Era berean, Eguzkik azpimarratu du garrantzitsua dela horrelako isuriak edo isurketak ikustean, larrialdien zerbitzura deitzea: "Gogorarazi nahi dugu gutako edozeinek ibai eta erreketan ikus dezakeen ezaugarri horietako orbanen aurrean, 112 larrialdi-zenbakira deitu behar duela lehenbailehen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide