Itzaina

Luis Arregi: "Probalekuetan etxeko idiekin aritu naiz gutxiena"

Nerea Uranga 2021eko abuztuaren 6a

Aizarnazabalgo Probazale Elkartearen omenaldia jaso berri du Luis Arregi 'Lopene'-k (Zestoa. Akoa, 1966). Lesio baten ondorioz itzain jarduteari utzita dago, baina Euskal Herriko probaleku denetan aritua da.

Omenaldia jaso zenuen astelehenean Aizarnazabalgo Kintopeko idi probatan. Ezustekoa hartu al zenuen?

Bai, sorpresa handia izan zen, ez nuelako espero. Baina gustura jaso nuen, horrelakoak estimatu egin behar izaten direlako.

30 urtez itzain jardundakoa zara. Nolatan hasi zinen?

Txiki-txikitatik horixe izan da nire zaletasuna. Betiko afizioa izan da, eta 20 urterekin hasi nintzen plazetan itzain.

Beti izan al dituzue idiak etxean?

Bai, beti. Nik ez nuen ezagutu gure aitita Juan Mari [Arregi], baina hura ezagutu zutenek esaten dute hura zela gure etxean benetako idizalea zena.

Zuen baserriko idiekin ibili izan al zara itzain?

Gutxiena etxeko idiekin ibili naiz ni, bizi guztian besteenarekin ibili izan naiz probetan. Hasieran gehiago ibiltzen nintzen etxekoen itzain, baina gerora gutxiena gureekin atera naiz.

Eta hori zergatik?

Hipikan bezala da, igoal-igoala. Hau da, hipikan ere zaldunek esandako zaldiarekin irten behar izaten dute lasterketan, eta itzainok berdin; idijabeak esanda irteten dugu proban haren idiekin.

Horretarako, ordea, aurrez idiak ezagutu egin beharko dituzue, ezta?

Bai, berez bai. Baina makina bat alditan irten izan dugu idia batere ezagutu gabe; nolako idia zen arrastorik jakin gabe.

Zaintza handia eskatzen al dute idiek?

Bai, bai. Kirolari baten gisa prestatu behar izaten dira idiak, berdin-berdin. Orain, momentuan, idi pare bakarra daukagu etxean, eta hemen inguruan [Akoa auzoan dago Lopene baserria] aritzen gara haiek entrenatzen.

Idi probetarako afizioak jarraitzen al du plazetan?

Bai, bai, probarako afizioa badago; gaur egun probazale gazteak ere badaude. Esaterako, Gipuzkoako probaleku guztietara joaten da jendea idi probak ikustera. Bizkaian ere afizioa badago, baina probalekuetara jende gutxiago joaten da han. Idi dema gehiago antolatzen dira Bizkaian, baina jende gutxiago ibiltzen da.

Probaleku askotan ibilitakoa zara.

Euskal Herriko probaleku guztietan ibilitakoa naiz ni. Proba jokatzeko gustukoenak aukeratzekotan hemen ingurukoak aipatuko nituzke, hala nola Aizarnazabalgoa, Azkoitikoa, Aiakoa eta Debakoa.

Gaur egun ere jarraitzen al duzu itzain?

Ez, bost urte dira probalekuetan itzain jarduteari utzi niola. Belaunetako batek ez zidan uzten behar bezala aritzen, eta laga egin nion. Itzain lanean esfuertzo handia egin behar izaten da, eta belaunarekin gaizki ibiltzen nintzen. Orain dela urte asko, Azkoitian proba bat jokatzen ari nintzela erori eta belauna behartu nuen. Harrezkero gaizki ibili naiz belaunetik. Min hartu eta gero ere jarraitu nuen, baina azkenerako, gaizki moldatzen nintzen, eta utzi egin nion itzain aritzeari.

Orain, probak ikustera joaten al zara?

Gutxitan, askotan probari begira sufritzen egoten naiz eta. Zer egingo dugu bada?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide