Askotariko ekintzak izango dira abuztuan zehar Aizarnan

Maialen Etxaniz 2021eko abuztuaren 2a

Aizarnako Herri Elkarteak antolatuta, bizikleta zirkuitua eta Irene Caminosen bizikleta ikuskizuna, Joxe Kruz Gurrutxagaren 'Umorea' bakarrizketa saioa, bertso-pilota jaialdia eta Berdinki zirkuaren emanaldia izango dira datozen asteetan. Gainera, aurreratu dute abuztu amaieran nahiz irail hasieran saguzaharrak ezagutzeko ekintzak antolatuko dituztela.

Ekintzaz beteta iritsi da abuztua Aizarnara; izan ere, datozen asteetan ez da faltako zer egin eta zertaz gozatu. Aizarnako Herri Elkarteak antolatuta, askotariko ekintzak egingo dituzte abuztuaren 13an hasi eta hilaren 29a bitartean. 

Ezohiko Amabirjin Jaietarako hiru eguneko egitaraua antolatu dute. Abuztuaren 13an, ostiralez, Irene Caminosen eskutik, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako bizikleta zirkuitua eta bizikleta ikuskizuna izango dira. Bizikleten zirkuitua probatu nahi dutenek 15.30etik aurrera izango dute horretarako aukera. Caminosen ikuskizuna, aldiz, 17:30ean hasiko da, eta nahi duen oro bertara daiteke ikustera. 

Abuztuaren 14an, larunbata, umorea izango da protagonista. 18:00etan hasita, Joxe Kruz Gurrutxagak Umorea izeneko bakarrizketa saioa eskainiko du. 

Abuztuaren 15ean kirola eta bertsoa eskutik joango dira, bertso-pilota jaialdia antolatu baitute iganderako. Frontoian izango da jaialdia, 18:30ean hasita. Lauterdian Aimar Egiguren eta Oier Alonso pilotariak arituko dira nor baino nor. Binakakoan, aldiz, Mattin Eizagirrek eta Urtzi Egigurek aurrez aurre izango dituzte Aritz Anduaga eta Beñat Labaka.  Partidek irauten duten bitartean bertsoz jantziko dute frontoia Hagin Laburu eta Ane Labaka bertsolariek. 

Festa egunetatik kanpo, abuztuaren 29an, Berdinki zirkuaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute aizarnarrek. Ikuskizuna 18:30ean hasiko da, eta plazan izango da.  

Gainera, Aizarnako Herri Elkarteak aurreratu du abuztu amaieran nahiz irail hasieran saguzaharrak ezagutzeko ekintzak antolatuko dituztela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide