Masters Caixabank txapelketako pilota partidak jokatuko dituzte abuztuan, Azkoitian eta Zarautzen

Andoni Elduaien 2021eko uztailaren 27a

Zarautzen abuztuaren 7an eta 14an jokatuko dituzte pilota partidak, eta Azkoitian Andre Maria egunean. Hiru jaialdietarako sarrerak eskuratu daitezke dagoeneko Interneten. Datorren larunbatean, Zestoan izango da pilota jaialdia.

Abuztuan Masters Caixabank txapelketako pilota partidak izango dira Azkoitian eta Zarautzen. Zarautzen abuztuaren 7an eta 14an jokatuko dituzte partidak, eta Azkoitian Andre Maria egunean. Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan bi jaialdi izango dira abuztuan. Lehen jaialdia hilaren 7an izango da, eta 18:00etan hasiko da. Lehen partidan, Bakaikoa-Salaverri II eta Salaberria-Bikuña bikoteak arituko dira. Masters Caixabank txapelketako partidan, berriz, Urrutikoetxea-Martija eta Peio Etxeberria-Albisu bikoteek neurtuko dituzte indarrak.

Andre Maria bezperako jaialdia, berriz, 17:00etan hasiko da Aritzbatalden. Lehen partidan, Bengoetxea IV-Elizegi eta Salaberria-Ladis Galarza arituko dira. Masters Caixabank txapelketako partidan, ostera, Jaka-Tolosa eta Peio Etxeberria-Albisu bikoteak.

Azkoitiko Gurea pilotalekuan abuztuaren 15an jokatuko dituzte partidak 17:00etan hasita, eta ETB1ek zuzenean eskainiko du jaialdia. Promozio mailako partidan, Dario-Erostarbe eta Zubizarreta III-Uriondo bikoteak elkarren aurka lehiatuko dira. Masters Caixabank txapelketako partidan, berriz, Altuna III-Aranguren eta Peña II-Rezusta bikoteek elkarren aurkako neurtuko dituzte indarrak kantxan. 

Larunbatean, Zestoan

Datorren larunbatean, uztailak 31, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan izango da pilota jaialdia, 22:00etan hasita. Lehen partidan, Victor-Elizegi eta Zabala-Larunbe bikoteek jokatuko dute partida. Masters Caixabank partida, berriz, Olaizola II-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Martija bikoteek jokatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide