Agintaldi erdia pasatuta, orain artekoaz zer balorazio egiten duzu?
Oso agintaldi baldintzatua izan da. COVID-19ak herritarren bizimodua baldintzatu du, eta herritarren egunerokoa kudeatu behar duen eta herritarrengandik gertuen dagoen erakundea udala izanik… Pandemia tarteko, gauza batzuk ezin izan dira egin, lehentasunak aldatu egin direlako. Dena den, agintaldi honetan jarri ditugu gauza batzuk matxan. Agintaldi baldintzatua izanagatik, balorazio baikorra egingo nuke.
Egin nahi zenuten zer proiektu utzi behar izan duzue alde batera pandemia tarteko?
Hainbat proiektu utzi behar izan ditugu bertan behera. Foru Aldundiak udaletarako foru funtsaren zenbatekoa jaistea erabaki zuenean, aurreikusita genituen proiektu batzuk bertan behera utzi edo atzeratu egin behar izan genituen; besteak beste, herrian komun publikoa jartzea, frontoi zaharrean eta kiroldegian lan batzuk egitea, baserri bideak konpontzea… Dena den, horietako batzuk 2021ean gauzatu ditugu, eta egingo ditugu 2022an besteak.
Bi urte hauetan zertan asmatu duzuela esango zenuke?
Alde batetik, plan estrategikoa gauzatzearekin. Parte hartze prozesu bat egin zen, eta Internet bidez 306 herritarrek egin zituzten ekarpenak. Udaleko langileekin ere egin da ariketa. Prozesua oso ona izan da herriari tenperatura hartzeko eta herritarren kezkak zeintzuk diren jakiteko. Bestalde, Zestoako Udalak sekulako behin-behinekotasuna zuen. Agintaldi hasieran jarri genuen martxan lan eskaintza publikoa, eta lehen lau lanpostuen lehiaketak egin dira dagoeneko. Agintaldi honetan ez dugu bukatuko prozesua, baina behin-behinekotasun arazoa konpondu egingo da. Horrez gain, pandemiak fiskalitatean izan duen eraginari ere ondo egin diogu aurre; aurrekontuen exekuzio maila %90-95ekoa izan da. Horrek esan nahi du gastu-sarrera aurreikuspenak oso onak izan direla. Horrekin lotuta, aipatu nahi nuke duela bi urte egoera ekonomiko jakin batean jaso genuela udala, eta bi urte hauek zailak izanagatik, egoera onean dagoela uneotan.
Datozen bi urteetarako zer helburu dituzue?
Zehar lerro nagusi batzuk ditugu. Horietako bat da zaintza komunitarioa; izan ere, gizartea zahartzen ari da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Gaur egun, enpresa pribatu handiak ari dira sartzen zaintzaren sektorean, eta gure ustez, Zestoan daukagun eredua da bultzatu beharrekoa: herrian bertan erabaki behar da gure herrian nola zainduak izango garen. Tokiko proiektu bat egin nahi dugu, zaintzaren kudeaketa integrala eskaintzeko. Arlo guztietan azken urteetan eman den deslokalizazioari aurre egin behar zaio, eta horretarako beharrezkoak dira tokiko estrategiak.
Trantsizio ekologikoa da beste zehar lerroetako bat, eta horren barruan, energia trantsizioa. Jasangarritasunari begira, ezinbestekoa da arlo hori lantzea, eta komunitate energetiko bat sortu nahi dugu. Luzera begirako proiektuak dira gai honi lotutakoak, baina urtez urte aurrera egiten joan behar da. Energia berriztagarriekin proiektu zehatzak ere gauzatu nahi ditugu, kontsumitzen dugun energiaren ahalik eta zati handiena bertan ekoizteko gaitasuna izan nahi dugulako.
Bestalde, eskuen artean daukagu Zubiaurre eremuko proiektua ere. Babesgune arkeologikoa da eremu hori, eta betidanik egon da han zerbait egiteko asmoa. Ezin da edozer egin, ordea, eta eragileekin harremanetan gaude, han aisigune bat egin nahi dugulako. Gainera, Zestoan arazo handia dugu etxebizitzarekin; gazte askok sekulako arazoak dituzte etxebizitzak alokatu ahal izateko. Bizi proiektua Zestoan egin nahi duten herritarrek etxebizitza eskubidea prezio duinetan bermatuta edukitzeko aukera izan behar dute, eta alokairu soziala da horretarako bidea.
Plan Estrategikoa osatzeko bidean zarete. Zer garrantzi du horrek?
Arrazoi desberdinak tarteko, txandakatze handia izan da Zestoan udalean; 1995etik agintaldiro aldatu egin da alkatea. Lau urte oso motzak dira; gauza batzuk egin daitezke, baina estrategikoak direnak epe luzera begirakoak izaten dira. Erakunde publiko batek herriarentzat ikuspuntua izan behar du, eta Zestoak eskualdean zer funtzio bete behar duen jakin behar dugu; izan ere, kostaren eta barrualdearen arteko atea gara, eta askotan, erdian, galduta egoten gara. Indarguneeak detektatu behar ditugu, horien arabera jokatzeko. Epe motzeko gauzak egin egin behar dira, baina egunerokoak irensten utzi gabe, aurrera begirako ikusmoldea izan behar dugu. Egunerokoa gainditzea eta ikuspegi estrategikoa izatea beharrezkoa da; Zestoak horren premia handia du.
Nola irudikatzen duzu Zestoa hamar urte barru?
Zestoa herri anitza eta euskalduna izatea nahiko nuke, baita harrera herria eta herri jasangarria ere: auzoak eta paisaiak errespetatuko dituena, baso politika egokia gauzatuko duena, hondakinen kudeaketa egokia izango duena, trantsizio ekologikoa ondo garatuko duena… Horrez gain, daukan ondare guztiari balioa ematen dion herria izatea nahi dut. Ikuspegi sozioekonomikotik, Zestoan bigarren sektoreak du indar handiena, baina gustatuko litzaidake lehen sektorearekin lotutako proiektu bat martxan jartzea; bertan ekoiztutako elikagaien ingurukoa.
Oposizioarekin zer harreman duzue?
Nabarmena da agintaldiaren bigarren zatian sartu garela. Bi urte pasatu dira agintaldia hasi zenetik, eta 2023ra begira jarri dira bakarren batzuk dagoeneko. Politikan ulertzekoa da kritikak egitea eta oposizioa gobernua higatzen saiatzea, baina kritika horiek arrazoitu eta argumentatu egin behar dira. Izan ere, kritika erraza niretzat ez da kritika. Aurreneko bi urteak nahiko ondo joan dira. Uste dut oso eskuzabalak izan garela oposizioarekin; gobernu ardurak eskaini genizkien, baina ez zituzten onartu, eta oposizio zorrotza egitea erabaki zuten. Bereziki harrituta nago azken boladan aurkitu dugun egoerarekin; elkarlanaz balorazio oso ona egin zuten prentsaurreko batean, eta kaleratu duten euskarri batean «zinegotzien eta alkatearen autoritarismoa» jarri zuten mahai gainean. Leialtasuna bi aldeek erakutsi behar dute, eta alde batek ez badu nahi… Elkarlanean sinesten dut, eta Zestoan, bi alderdi politiko izanda, ezinbestekoa da elkar ulertzea.
Aurreko agintalditik zertan aldatu dira gauzak herrian?
Udaletxeko ateak ireki egin dira. Urrats bat izan da batzorde guztiak hilero bildu izana, baita horiek herritarrei irekitzea ere. Gainera, eremu instituzionaletik herrigintzara ireki da udal antolaketa: kirol mahaia eta adinekoen mahaia sortu ditugu, adibidez. Bestalde, 2020ko udal aurrekontuak parte hartze prozesu bidez osatu genituen, eta 2022. urtekoak ere hala egitea aurreikusten dugu. Salto kualitatiboa egin dugu, eta uste dut herritarrek hori sumatu egin dutela.