Zestoan pare bat obra ari dira egiten egunotan. Alde batetik, Gurutzeaga frontoian harmailak jartzen hasi dira: bi mailako harmailak izango dira, eta pilotalekurako sarrerak laugarren koadroaren eta autobus geltoki zaharraren parean egongo dira. Babesgune bat ere izango dute harmailek. Bestetik, Zestoako kiroldegian ere ekin diete estalpe azpiko argizuloak kentzeko obrari. Lan horren helburua estalpean espazioa lortzea da, espazio puska hartzen baitute bi argizulo horiek. Udalak adierazi du datorren asterako amaituko dituztela lanak.
Mikel Arregi Zestoako alkatea bi obra horiek egiteko arrazoiez aritu da: "Urte asko dira frontoiko horma kendu zela, eta umeak jolasean daudela, alboko bidetik doan trafikoa arriskutsua izan daiteke. Gainera, izaera ematen diete harmailek frontoiari". Kiroldegiko argizuloek ere estalpeko espazioa "baldintzatzen" dutela azaldu du. Duela hamar urte inguru kendu zituzten kiroldegiko hainbat argizulo, eta horietako bi kentzeke geratu ziren; orain, berriro eutsi dio udalak argizuloak kentzeko lanari. Kiroldegi alboan parkea dagoela eta, Arregik adierazi du eguraldi txarra egiten duenean ere umeek leku gehiago izango dutela aterpean jolasteko.
Bi obrak Bergarako Artzamendi enpresak egingo ditu. Zestoako Udalaren aurrekontua 60.000 eurokoa da guztira: 20.000 euro bideratuko dituzte harmailak jartzeko obrara, eta 40.000 euro kiroldegiko argizuloak kentzekora. Izan ere, Zestoako alkateak azaldu du argizuloena "lan teknikoagoa" dela: "Langileen segurtasuna bermatu behar da, eta argizuloak kentzeko egin beharreko prestaketa da gehienbat zaindu behar dena. Bestalde, harmailak prefabrikatuak dira eta horregatik da merkeagoa lan hori".