Ekitaldiz beteriko Kultur Astea egin dute asteburuan Arroabean

Anartz Izagirre 2021eko uztailaren 19a

Ostiraletik igandera bitartean askotariko ekintzez gozatzeko aukera izan dan Arroabean. Eguraldi ona lagun, hainbat herritarrek parte hartu dute Kultur Asterako antolatutako ekintzetan.

Udan zer Zestoan? egitarauaren barruan hamaika kultur eta kirol ekitaldi izango dira udan Zestoako herrigunean zein auzoetan, eta asteburu honetan Arroabearen txanda izan da. Hain zuzen ere, ostiraletik hasi eta igandera bitartean hainbat ekintza izan dira Arroabean, Kultur Astea egin baitute bertan. Ostiralean hasi ziren ekitaldiak eguerdiko mezarekin, eta ondoren, trikitilarien emanaldiaz eta Niala magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Horrez gain, belaunaldiarteko Sakulupe parkea ere inauguratu zuten, eta eguna amaitzeko Tio Teronen Semeak taldearen emanaldia izan zen. 

Larunbatean eta igandean ere izan zuten arroarrek zertaz gozatua. Hain zuzen ere, puzgarriak, haurren zein helduen pala txapelketak, Funbox Factory Freestyle Show Teamen bizikleta ikuskizuna, Iñaki Perurenaren ikuskizuna eta Trikidantz zein Dudik-p taldeen kontzertuak izan ziren asteburuan zehar herritarren gozamenerako.

Hona hemen Arroabeko Kultur Asteko argazki bilduma:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide