Arroarrek ongi etorria eman diote Sakulupe parkeari, belaunaldi, jatorri eta genero guztien topalekuari

Maialen Etxaniz 2021eko uztailaren 17a

Adin guztietako herritarrek auzolanean egokitu eta pentsatutako proiektua da Sakulupe, eta atzo eman ziote lehen ongi etorria; izan ere, irekiera ekitaldia egin zuten atzo. Hala ere, atzokoa Sakuluperen ibilbidean egindako beste urrats bat da, Auzo Elkarteko kideen hitzetan oraindik egiteko lan asko baitago. Parkea belaunaldi, jatorri eta genero guztien topalekua izatea nahi dute.

Arroabea bizia izango duen lekua izan dadin, lanean ari dira bertako bizilagunak aspalditik. Helburu horrekin, hausnarketarako prozesu partehartzailea abiatu zuten, eta denborarekin hainbat proiektu jarri dituzte eta jarriko dituzte martxan. Auzoa biziberritzeko egitasmo horietako bat da atzo ireki zuten Sakulupe parkea. Adin guztietako herritarrek auzolanean egokitu eta pentsatutako proiektua da Sakulupe, eta atzo eman ziote lehen ongi etorria; izan ere, irekiera ekitaldia egin zuten atzo. Hala ere, atzokoa Sakuluperen ibilbidean egindako beste urrats bat da, Auzo Elkarteko kideen hitzetan oraindik egiteko lan asko baitago. 

Auzoko trikitilari gazteak arduratu ziren atzoko ekitaldiari hasiera emateaz, trikiti doinuz parkea girotuz. Auzo Elkartearen izenean eta aurkezpen lanetan Aitor Ossa eta Miriam Aizpuru aritu ziren, eta Oinherriren izenean Maite Azpiazu; Eskola komunitatearen izenean, Itziar Etxeberria, Edurne Cachon eta Arantxa Osa eta Zestoako Udaleko Aitor Salegik ere hartu zuen hitza. Ekitaldiari amaiera emateko, denen artean Arroaren bilakaeraren inguruko bertso sorta abestu zuten.

"Ongi etorri Sakulupe parkera, lan askoren ondoren eta prozesu partehartzaile baten ondorioz itxura hartzen hasi den belaunaldi arteko parkera", esanez ireki zuten atzoko ekitaldia Ossak eta Aizpuruk. "Hau hasiera besterik ez da, eta inaugurazio honekin parkearen garapenari hasiera ofiziala eman nahi izan diogu, orain arte zer egin dugun eta hemendik aurrera zertan ibiliko garen azaltzeko".

Guraso Elkarteko kideek elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuten: "Azken finean horrelako prozesu eta interbentzioetan, aurretik aipatu den bezala, auzoa, eskola eta udalaren arteko elkarlana ezinbestekoak dira, denok gure partetik jartzea oso garrantzitsua baita". Horrez gain, diru kopuru bat parkera bideratuko dutela jakinarazi zuten: "Beraz, izugarrizko esfortzuaren fruitu den diru hau gure haurrek amestu, diseinatu eta auzolanean beste herritarrokin batera eraikitzen hasi diren parke honetara bideratuko dela jakitera eman nahiko genieke auzotarrei eta udalari, haurrentzat pentsatuta dauden eta haurren begiradatik eraikitzen diren gune edo espazioak bere horretan edozein herritarrentzat balio dutenaren konbentzimendu osoa daukagulako.
Eta seguru gaude parke honen eraikuntza prozesuak eta elkarlanak auzoaren biziberritzean berebiziko garrantzia izango duela eta ondorioz arroar ororen bizi kalitatean".

Oinherriko ordezkariak eta Udal ordezkariak, prozesu hau herri hezitzailearen ikuspegitik jorratzeak duen garrantzia azpimarratu zuten, eta elkarrekin egindako hitzarmena aipatzeaz gain, auzotarrak zoriondu eta txalotu zituzten. Era berean, prozesuaren eragile nagusiak herritarrak izan direla eta izango direla azpimarratu zuten.

Datozen egunetan parkearen ibilbidearen inguruko erreportajea plazaratuko du Urola Kostako Hitzak. 

Hona hemen atzoko ekitaldiaren argazki bilduma:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide