Ekitaldiz beteta dator aurten ere 'Udan zer Zestoan?' egitaraua

Anartz Izagirre 2021eko uztailaren 15a

Kultur eta kirol arloei "bultzada" emateko asmoz, askotariko ekintzak antolatu ditu Zestoako Udalak uztailean, abuztuan nahiz irailean. Herrigunean ez ezik, auzoetan ere hainbat ekintza izango dira. Ekintzetarako sarrerak salgai daude, baina abuztuaren 20a bitartean Zestoan erroldatutakoek soilik eskuratu ahal izango dituzte horiek.

Pandemia dela-eta bertan behera gelditu dira bigarren urtez jarraian herri nahiz auzoetako festak; horrenbestez, Zestoan ere ez da jairik izango datozen hiru hilabeteetan. Hala eta guztiz ere, udalak herriko bizitzari nahiz kultur eta kirol arloei "bultzada" emateko asmoz, Udan zer Zestoan? egitarauaren barruan hainbat ekitaldi antolatu ditu aurten ere, Zestoako herrigunean nahiz auzoetan. Erakundeak nabarmendu duenez, momentuko osasun eta segurtasun neurriak mantenduta egingo dituzte ekintza guztiak.

Lehen ekitaldiak aste honetan bertan izango dira, Arroabean. Izan ere, bihartik hasi eta igandera bitaretan Kultur Astea egingo dute han. Bestalde, datorren astean ere hainbat ekitaldi izango dira. Alde batetik, ostiralean, hilak 23, bertso saioa egingo dute Zestoako Gaztetxean, eta larunbatetik astelehenera bitartean hainbat ekitaldi izango dira Arroagoian. Horrez gain, uztailaren 30ean puzgarriak eta apar festa egingo dituzte frontoi zaharrean eta Kultur Etxearen atarian, eta uztailaren 31n Master Caixabank txapelketako pilota partidak izango dira.

Abuztuan eta irailean ere dozenaka kultur eta kirol ekintzaz gozatzeko aukera izango da, eta horietatik gehienak ostiraletik igandera bitartean izango dira. Abuztuan, esaterako, hainbat ikuskizun izango dira hilaren 13tik 15era bitartean Aizarnan. Halaber, Bulego, Nogen eta Trikidantzen kontzertuak ere izango dira hilabetean zehar, baita Zinea Izarpean egitasmoaren barruan aire libreko hiru film emanaldi ere. Horrez gain, irailean beste horrenbeste ekitaldiz gozatzeko aukera izango da, hala nola pilota jaialdiak, Zea Maysen, Zestoako Musika Bandaren eta Manituren kontzertuak eta dantza ikuskizunak izango dira.

Sarreren inguruan

Erakundeak hainbat xehetasun eman ditu ekintzen sarreren inguruan. Alde batetik, abuztuaren 20an izango den Trikidantzen emanaldirako ezinbestekoa izango da aurrez izena eta telefonoa ematea; horretarako, Zestoako Turismo Bulegora (Portale kalea, 943-86 88 12) deitu beharko da. Horrez gain, abuztuaren 28ko Bulego eta Nogenen kontzertuetarako, irailaren 4ko pilota txapelketako eta Zea Maysen kontzerturako nahiz irailaren 11ko Manituren kontzerturako aurrez sarrerak erosi beharko dira. Hamar euro ordaindu beharko da sarrera bakoitza, eta Zestoako Turismo Bulegora deitu beharko da horiek erosteko.

Halaber, udalak nabarmendu du ekitaldiotarako sarrerak Zestoan erroldatutakoek soilik eskuratu ahal izango dituztela abuztuaren 20a bitartean. Egun horretatik aurrera, berriz, edonork eskuratu ahal izango ditu txartelak.

Parte-hartzea ardatz

Mikel Arregi Zestoako alkateak adierazi duenez, herritarren parte-hartzeak "garrantzi handia" izan du Udan zer Zestoan? egitaraua osatzerakoan. Izan ere, maiatzean eta ekainean hainbat bilera egin zituzten herritarren proposamenak jasotzeko. Ildo horretatik, Arregik azpimarratu du herritarren parte-hartzea ez dela "proposamenak egitera mugatu", eta herriko kirol eta kultur eragileek beren ekarpenak egin dituztenez, "herrian bertan eta herritarrek sortutako" askotariko jarduerak izango direla aurtengo udan.

Bestalde, alkateak ekintzak herrian zein auzoetan antolatu izana nabarmendu du; izan ere, herrigunean ez ezik Arroabean, Arroagoian eta Aizarnan ere izango dira ekitaldiak.

Horrez gain, Udan zer Zestoan? "egitasmo segurua" dela azpimarratu du Arregik: "Iaztik hona, pandemiaren egoera hobetzen joan den honetan, askoz arrazoi gehiagorekin esan behar dugu honelako egitasmoak seguruak direla, eta herri baten bizi kalitatea bultzatu nahi badugu ezinbestekoa dela herriko kultur eta kirol dinamizazioari lehen mailako garrantzia ematea".

Segurtasun argibideak

Pandemia dela-eta ekintzetan parte hartzeko argibideak ere zehaztu ditu udalak. Alde batetik, gunearen edukiera 230 pertsonara murriztu dute, eta maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da ikuskizunak dirauen bitartean. Halaber, gel hidroalkoholikoak ere eskuragarri egongo dira. Bestalde, ekitaldietara garaiz joateko eskatu diete herritarrei, antolatzaileek jendea beren eserlekuetan kokatzeko denbora gehiago izan dezaten; eremura sartu-irtenak pixkanaka egiteko ere eskatu dute. Horrez gain, ikuskizunak irauten duen bitartean ikus-entzuleek ezingo dute eserlekuetatik mugitu, eta antolatzaileen argibideak errespetatu beharko dituzte.

Egitaraua

Hona hemen Udan zer Zestoan? egitaraua, osorik:

Uztailak 16. Arroabea.

  • 17:30ean, Niala magoa. Ondoren, Belaunaldiarteko Parkearen inaugurazioa.
  • 20:30ean, Tio Teronen semeak.

Uztailak 17. Arroabea.

  • 11:00etan, puzgarriak.
  • 16:00etan, umeen pala txapelketa.
  • 18:30ean, helduen pala finala.
  • 22:00etan, Trikidantz.

Uztailak 18. Arroabea.

  • Eguer. Funbox Factory Freestyle Show Team (bizikleta ikuskizuna)
  • 17:00etan, bingoa.
  • 18:00etan, Perurenaren emanaldia.
  • 19:00etan, Arkupetan igandeetako txaranga, Zestoan.
  • 22:00etan, Dudik-p.

Uztailak 23

  • 10:00etan, gazteen bertso saioa, Zestoako Gaztetxean.

Uztailak 24. Arroagoia.

  • 19:30ean, Esti eta Mikel Markez.
  • 22:30ean, pelikula frontoian. (Izena emateko: 646 14 25 96).

Uztailak 25. Arroagoia.

  • 12:30ean, Zestoako Musika Banda.
  • 19:00etan, Iago magoa.
  • 22:30ean, auzoko argazkilarien argazki proiekzioa.

Uztailak 26. Arroagoia.

  • 19:00etan, herri kirolak.

Uztailak 30

  • 16:00etatik 20:00etara, puzgarriak eta apar festa frontoi zaharrean eta Kultur Etxearen atarian.

Uztailak 31

  • 10:00etatik 22:00etara, Fundizio Fest, estazioko industrialdean.
  • 22:00etan, profesionalen eskupilotako udako torneoa, frontoian.

Abuztuak 8

  • 19:00etan, igandetako txaranga arkupeetan.

Abuztuak 13

  • Ikuskizunak Aizarnan.

Abuztuak 14

  • Ikuskizunak Aizarnan.

Abuztuak 15

  • Ikuskizunak Aizarnan.

Abuztuak 20

  • 22:00etan, Trikidantz plazan.

Abuztuak 27

  • 19:00etan, Apaxi ipuin kontalaria, Euskal Herria plazan.
  • 21:00etan, Zinea Izarpean, plazan. Haizearen egia filma.
  • 22:00etan, Zinea Izarpean, plazan. Suharra filma.

Abuztuak 28

  • 22:00etan, Bulego eta Nogen taldeen kontzertuak, plazan.

Abuztuak 29

  • 19:00etan, igandeetako txaranga arkupeetan.
  • 22:00etan, Zinea Izarpean, plazan. Korosagasti filma.

Irailak 3

  • 20:00etan, Soinu magikoak, Zestoako elizan. Toti Martinez de Lezea eta musikariak (Alberto Urretxo eta taldea).

Irailak 4

  • 11:00etan, Zestoako XI. Gazteen Pilota Txapelketa (finalak), frontoi zaharrean.
  • 22:00etan, Zea Mays, plazan.

Irailak 5

  • 18:00etan, Zestoako X. Trikitilari Gazteen Txapelketa, plazan.

Irailak 8

  • 18:30ean, pilota jaialdia, frontoi zaharrean. (Gizon eta emakume helduak).

Irailak 9

  • 16:30etik 18:30era, haur eta gaztetxoen trial zirkuitua.

Irailak 10

  • 20:00etan, Zestoako Musika Bandaren kontzertua, plazan.

Irailak 11

  • 22:00etan, Manitu eta talde sorpresa, plazan.

Irailak 17

  • 19:00etan, Itxaropena dantza taldea. (Brokel zikloa).

Irailak 19

  • 19:00etan, igandeetako txaranga arkupeetan.

Irailak 26

  • 19:00etan, igandeetako txaranga arkupeetan.

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide